Hasi dira botoa ematen azkoitiarrak

Olaia Juaristi 2020ko uzt. 12a, 09:48

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egingo dira gaur, ezohiko egoeran. 09:00etan ireki dituzte bozkalekuak, eta zabalik egongo dira 20:00ak arte. 8.493 lagun daude boza ematera deituta.

Gaur, igandea, goizean goizetik ibili da jendea hauteskunde mahaietan, eta ilara txikiak ere ikusi dira. COVID-19a dela-eta hainbat egokitzapen egin dituzte herriko hautesleku guztietan, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak segurtasun osoz gauzatu ahal izateko. Guztira 8.669 azkoitiarrek izango dute gaur botoa emateko aukera. Horretarako, nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea, tartea zaintzea eta eskuak garbitzea. Hauteslekuetako sarreran eta irteeran gel hidroalkoholikoa jarri dute, eta maskarak ere bai, botoa ematera maskara ahaztuta joaten diren herritarrentzat.

Botoa emateko ohiko lekuak egokitu dituzte: Xabier Munibe Ikastola, Aizkibel liburutegia, Elkargunea eta Torre Zuri. Halere, segurtasun gomendioak betetzeko, Torre Zuri erakustokian mahai bakarra mantendu dute. Gainerako bi mahaiak Berdura plazan jarri dituzte. Aizkibel liburutegian, berriz, bi solairu egokitu dituzte botoa ematea. Bi mahai lehen solairuan jarri dituzte, eta goiko solairuan bestea.

Bestalde, mahaian identifikatzeko orduan, norberak bere izen-abizenak esan behar ditu, eta mahaiko kideek ezin dute eskuetan hartu boto emailearen nortasun agiria. Sarrera eta irteerak ere zehaztuta  daude, eta botoa emateko lehentasuna dute haurdun dauden emakumeek eta 65 urtetik gorako herritarrek. 

Emaitzak zuzenean, Maxixatzen.eus-en

Maxixatzen.eus-ek hauteskundeen jarraipen berezia egingo du gaur. Gauean Azkoitiko emaitzen berri emango du, horretarako prestatuta duen hauteskunde plataforman. Grafiko zein taula bidez modu ulergarrian emango ditu herrian hauteskundeek izandako datuak. 

 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide