Astelehenean amaituko da gazteentzako etxearen alokairurako diru laguntza eskatzeko epea

Maxixatzen.eus 2020ko uzt. 4a, 12:00

18 eta 35 urte arteko herritarrek etxebizitzaren alokairua ordaintzeko laguntza eskatzeko epea zabaldu du Azkoitiko Udalak. Eskaera astelehenera bitartean egin daiteke.

Astelehenean, uztailak 6, amaituko da gazteentzako etxearen alokairurako diru laguntza eskatzeko epea. Maiatzean ireki zuen Azkoitiko Udalak gazteek ohiko bizilekua duten etxebizitzaren alokairua ordaintzeko diru laguntzak eskatzeko epea. 18 urtetik 35 urtera arteko herritarrek eskatu dezakete laguntza. Udalaren arabera, diru laguntza lerroaren helburua "gazteen emantzipazioa sustatzea" da.

Azkoitiko Udalak 65.000 euro bideratuko ditu etxebizitzaren alokairurako laguntzetara. Zehaztu du aurreko urteetan diru partida hori ez dela agortu: "Iaz 26 diru laguntza eskaera jaso ziren, eta horietatik bi baztertu ziren, ez zituztelako baldintzak betetzen".

Laguntza eskatzeko dagoeneko etxebizitza errentan hartuta izan beharko da, edota errenta-kontratua aurtengo abuztuaren 6a baino lehen sinatuta edukitzeko konpromisoa hartu beharko dute eskatzaileek. Alokatutako etxebizitza partekatzen duten gazte guztiak izan ahalko dira onuradunak, baldin eta etxearen errenta kontratua denek sinatuta badute banan-banan. Kasu horretan, eskatzaile bakoitza "bizikidetza unitate independente gisa" hartuko du udalak, eta kontratua sinatuta duten denen artean banatuta konputatuko du errenta erakundeak.

Laguntza horietatik kanpo geratzen dira hileko 500 eurotik gorako zenbatekoa gainditzen duten alokairuko etxebizitzak. Hala ere, eskatzaileek aurretik Eusko Jaurlaritzaren Gaztelagun programako laguntza eskaera eginda eduki behar dutela azpimarratu du udalak. Laguntza hori lortzen ez dutenek jaso ahalko dute udalaren diru laguntza. Irizpide bera jarraituko du udalak etxebizitzarako laguntza osagarria (Lanbide) jasotzen dutenen kasuan ere.

Laguntza eskatzeko zalantzak argitzeko edota informazio osagarria jasotzeko Azkoitia Lantzenera jo dezakete herritarrek, 943-85 71 51 telefono zenbakira deituta edota azkoitialantzen@azkoitia.eus helbidera idatzita.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide