Erniarraitz bertso txapelketako kanporaketa jokatuko dute bihar, Kultur Etxean

Maxixatzen.eus 2020ko uzt. 2a, 14:29

22:00etan hasiko da kanporaketa, Azkoitiko Kultur Etxeko areto nagusian. Sei bertsolarik parte hartuko dute, tartean Julene Iturbe azkoitiarrak.

Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatutako bertsolari gazteen txapelketako bigarren kanporaketa jokatuko dute bihar, ostirala, Azkoitian. 22:00etan hasita, sei bertsolarik parte hartuko dute Kultur Etxeko areto nagusian jokatuko den saioan.

Julene Iturbe bertsolari azkoitiarrak, Ane Zuazubiskarrek, Asier Galarza Muxi-k, Oier Etxeberriak, Markel Eizagirrek eta Imanol Albisuk parte hartuko dute Azkoitiko saioan. Sarrerak bihar Kultur Etxean bertan jarriko dituzte salgai, beti ere, aretoen edukieraren %60a bete arte. Segurtasun neurriak direla-eta, bertsozale elkarteak gogorarazi du entzuleek maskararekin egon beharko dutela aretoan.

Bi urtez behin antolatzen du Erniarraitzek bertsolari gazteen txapelketa, eta aurtengoa X. edizioa du. Martxoaren 1ean hasi zen txapelketa Errezilen jokatutako lehen kanporaketarekin. Orduan Maider Arregi izan zen irabazlea, eta finalera zuzenean sailkatzea lortu zuen. Uztailaren 10ean izango da hirugarren eta azjen kanporaketa Zestoako Kultur Etxean, 22:00etan. Jon Gurrutxagak, Iker Letamendiak, Eli Pagolak, Irati Alcantarillak, Aroa Arrizubietak eta Mikel Iturriotzek jokatuko dute Zestoako kanporaketa. Finala, berriz, uztailaren 17an jokatuko dute Azpeitiko Gaztetxean, 22:00etan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide