Gaurtik aurrera zabalik dago posta bidezko botoa bidaltzeko epea

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 22a, 15:16

Correosen Azkoitiko bulegoa.

Posta bidezko botoa eman nahi duenak uztailaren 2ra arte du Correosen eskaera egiteko aukera. Gaur ireki dute botoa bidaltzeko epea, eta gaur hasiko dira etxebizitzetan boto-paperak banatzen ere.

Uztailaren 12an izango dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta gaurtik aurrera posta bidezko botoa bidaltzeko epea ireki dute. Etxebizitzetan ere gaurtik aurrera hasiko dira boto-paperak jasotzen, eta posta bidezko botoa eskatu nahi dutenek —modu iraunkorrean atzerrian bizi diren herritarrek izan ezik— oraindik ere badute horretarako aukera, uztailaren 2ra arte, hain justu. Norberak egin beharko du eskaera Correosen, NAN originala aurkeztuta, baina gaixotasunak-eta dituztenek baimendutako pertsona baten bidez egin ahal izango dute; horiek mediku agiria aurkeztu beharko dute. 

COVID-19 gaitza dela-eta posta bidezko botoaren aldeko apustua egin zuen Eusko Jaurlaritzak duela hilabete batzuk, eta Correosek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dituen hainbat bulegotan leihatila bereziak ezarri ditu posta bidezko botoa ematea errazteko asmoz. 

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 1.788.602 lagunek dute Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan botoa emateko eskubidea; Gipuzkoan, 583.063 lagunek, zehazki. Horiek 2020-2024 legealdian Eusko Legebiltzarra osatuko duten 75 legebiltzarkideak hautatu beharko dituzte uztailaren 12an. Hauteskundeen inguruko informazio eta argibide guztiak www.hauteskundeak.eus webgunean kontsulta daitezke.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide