Datorren uztailaren 12an Eusko Legebiltzarra osatzeko egingo dituzten hauteskundeetan mahaian egotea suertatu al zaien jakin dezakete herritarrek udalaren azkoitia.eus webgunean. Atariaren eskuinaldean, albiste jarioaren ondoan, dagoen Hauteskunde mahaiak leihoan klik egin eta NAN zenbakia sartuta ikusi ahal izango dute egun horretan hauteskunde mahaian egon beharko duten edo ez. Erantzuna baiezkoa bada, hauteskunde mahaiaren inguruko informazioa ere agertuko zaie.
Bozetarako mahaiak osatzea udalen eskumena da, eta zonaldeko hauteskunde batzordearen gainbegiradapean egiten dute hori. Gaur, astelehena, egin du udalak hauteskunde mahaiak osatzeko zozketa.