Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bederatzi koronabirus kasu berri atzeman dituzte azken 24 orduetan; horietatik bost Bizkaian eta bina Araban eta Gipuzkoan.
Osasun Sailak, gainera, herrikako datuak jakinarazi ditu gaur. Gaitza herrian lehenengoz agertu zenetik ekainaren 8ra arteko datuak eman ditu. Azkoitian 22 herritarrek eman dute positibo bitarte horretan. Joan den igandean, ekainaren 1era arteko datuak eman zituen, eta orduan ere 22 ziren kutsatutakoak. Beraz, astebete horretan ez da kasu berririk agertu herrian.
Eskualde mailan, kasu berri bakarra atzeman dute ekainaren 1etik 8ra bitartean; Zarautzen, hain zuzen. Azterketa herriz herri eginda, ekainaren 8ra arte 204 lagunek eman dute positibo Zarautzen, 54 kasu zenbatu dituzte Zumaian, 28 Orion, 22 Azkoitian, hemezortzi Azpeitian, zortzi Getarian, zazpi Aian, bost Zestoan eta hiru Aizarnazabalen. Beizaman eta Errezilen ez dute koronabirusagatik kutsatutako herritarrik zenbatu gaitza agertu zenetik. Gaitzaren agerpenetik ekainaren 8ra bitartean 349 herritarrek eman dute guztira positibo eskualdean COVID-19agatik.
Testak eta hildakoak
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 4.060 proba egin zituzten atzo; horietatik 3.976 PCRak eta 84 test serologikoak. Krisia hasi zenetik gaur arte COVID-19 gaitzak kutsatutako 20.415 kasu zenbatu dituzte hiru lurraldeetan. Horietatik 17.601 pertsonek jaso dute senda-agiria, %86,2ak hain zuzen ere; atzo 26 lagunek jaso zuten senda-agiria. Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU), bestalde, hemezortzi pertsona daude gaur-gaurkoz. Azken orduetan, berriz, hiru lagun hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Guztira, 1.592 pertsona hil dira COVID-19 gaitza martxoan agertu zenetik.