Hirugarren eta azken fasean sartuko da Hego Euskal Herria

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 5a, 14:16

Zehazteko dago parkeak zabalduko dituzten edo ez.

Astelehenean sartuko da Hego Euskal Herria alarma egoerako hirugarren fasean. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak kudeatuko dute azken fasea. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek hiru lurraldeetan zirkulatzeko aukera berreskuratuko dute, baina ezingo dituzte gainerako erkidegoetarako mugak zeharkatu.

Datorren astelehenean sartuko da Hego Euskal Herria normaltasun berrirako hirugarren eta azken fasean. Hala baieztatu dute gaur, ostiralerekin, Salvador Illa Espainiako Gobernuko Osasun ministroak eta Maria Jesus Montero gobernuaren bozeramaileak. Asteazkenean onartu zuen Espainiako Kongresuak alarma egoera ekainaren 21era arte luzatzea, eta aste honetan bertan egin dute hirugarren fasera igarotzeko eskaera Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak. Fasez igarota, deseskalatzeari lotuta hartu beharreko neurriak arinagoak izango dira astelehenetik aurrera.

Hirugarren fasera igarotzen diren erkidegoek, gainera, neurriak kudeatzeko eskumena izango dute. Orain arte Espainiako Gobernuak zehaztu ditu fase bakoitzerako arauak, baina hirugarren fasetik aurrera erkidegoek izango dute horretarako ahalmena; besteak beste, fase berriaren epeak laburtzeko eta Espainiako Gobernuak jarritako arauak zehazteko aukera izango dute. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek hiru lurraldeetan zirkulatzeko aukera berreskuratuko dute, baina ezingo dituzte gainerako erkidegoetarako mugak zeharkatu. Atzo jakinarazi zutenez, uztailaren 1etik aurrera zabalduko dute Ipar Euskal Herriaren eta Hego Euskal Herriaren arteko muga.

Neurri berriak

Espainiako Gobernuak azken faserako neurriak zehaztuta baditu ere –asteartean onartuko ditu–, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak neurri horiek moldatzeko eskumena izango dute. Espainiako Gobernuaren neurrien arabera, astelehenean hirugarren fasean sartzen diren erkidegoetan ezabatu egingo dira ordutegi muga guztiak. Bigarren fasean, 70 urtetik gorakoek 10:00etatik 12:00etara eta 19:00etatik 20:00etara paseatzeko aukera izan dute. Hirugarren fasean, ordea, ez da haientzako bereziki gordetako ordutegirik izango.

Fase aldaketarekin, gainera, lagun gehiagok izango dute elkarrekin biltzeko aukera. Gehienez hogei lagun elkartu ahal izango dira, bai etxe barruan eta bai aire zabalean. Haurren parkeen inguruan ez du ezer zehaztu Espainiako Aldizkari Ofizialean argitaratutako dekretuak, baina baliteke parkeek oraindik itxita jarraitzea. Haur eta gazteentzat, ordea, jarduerak baimenduko dituzte, bai aire zabalean eta bai leku itxietan. Jarduera horiek, ordea, egun berean hasi eta amaitu beharko dute. Horri lotuta, eguneko udalekuak egiteko aukera ere egongo da. Jarduerak aire zabalean badira, gunearen edukieraren erdia baliatuta egin beharko dira ekintzak; leku itxian badira, berriz, gunearen edukieraren herena erabili ahal izango da eta hamar pertsonako taldeak elkartu ahalko dira.

Hirugarren fasean, gainera, irekitzeko falta diren saltoki guztiek ateak zabaltzeko aukera izango dute. Halere, denda barruetan ezingo da edukieraren %50 gainditu. Saltoki handietako eremu komunak eta aisialdirako guneak %40 bete ahal izango dira gehienez. Gaueko tabernek eta diskotekek, bestalde, ezingo dituzte ateak zabaldu fasez aldatuta ere. Tabernetan eta jatetxeetan, ordea, badira hainbat aldaketa. Barran kontsumitzeko aukera egongo da bi metroko segurtasun distantzia bermatuta, eta taberna edo jatetxe barruan espazioaren erdia bete ahalko da; terrazetan, berriz, hiru laurden bete ahalko dira.

Zinema aretoak, antzokiak, auditoriumak eta zirkuak ere zabalduko dituzte azken fasean, edukieraren erdian. Turismoari lotutako neurriak, aldiz, arindu egingo dira. Hoteletan, esaterako, espazio komunen %50 bete ahal izango. da. Animazio jardueretan eta turistentzako ekitaldietan hogei pertsona elkartzeko aukera egongo da. Turistentzako jolas parkeak, zoologikoak eta akuarioak ere zabaldu egingo dituzte. Horiek aire zabalean badira, edukieraren erdian ireki ahalko dira; leku itxian, berriz, edukieraren herena baliatu ahalko da.

Museoek eta liburutegiek, berriz, kultur jarduerak antolatu ahal izango dituzte. Museoek edukieraren erdian zabalduko dituzte ateak, eta gehienez hogei laguneko multzoak osatu ahalko dira. Liburutegiak, berriz, edukieraren erdian zabalduko dituzte hirugarren fasean. Ikasketa gelak ere irekiko dituzte. Era berean, adinekoen egoitzetan bisitak egin ahal izango dira. Hala eta guztiz ere, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak izango dute neurri horien gaineko azken erabakia.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide