Bizikletak, iritsi ezinda

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 4a, 20:00

Konfinamendua arintzeko neurriak indarrean jartzen hasi zirenetik, asko hazi da bizikletaren erabilera, eta ondorioz, baita haien salmenta ere. Fabrikatzaileak "iritsi ezinik" dabiltzala eta banatzaileek "biltegiak hutsik" dituztela baieztatu dute Azkoitiko bizikleta saltzaileek, eta dendan dituzten bizikletei eta konponketa lanei esker ari direla aurrera egiten.

Koronabirusak eragindako krisialdiak sektore guztietan izan du eragina. Gehienak geldiarazi egin ditu, baina bada salbuespenik ere; bizikletena, esaterako. Konfinamendua arintzeko neurriak indarrean jartzen hasi zirenetik, asko hazi da bizikletaren erabilera, eta ondorioz, baita haien salmenta ere. Fabrikatzaileak "iritsi ezinik" dabiltzala eta banatzaileek "biltegiak hutsik" dituztela baieztatu dute Azkoitiko bizikleta saltzaileek, eta dendan dituzten bizikletei eta sortzen zaizkien konponketa lanei esker ari direla aurre egiten.

Aitzaki bizikleta dendako Jexux Arakistain ohartarazi zuten etor zitekeenaz: "Duela hilabete eta erdi BHko zuzendari komertzialak esan zidan asko haziko zela bizikleten salmenta". Baina orduan ez zion sinetsi. "Txina jarri zidan adibidetzat. Esan zidan Txinan, itxialdia bukatu zutenetik, izugarri ari zela hazten bizikleten salmenta, eta hemen ere gauza bera gertatuko zela". BHko zuzendari komertzialaren iragarpena bete egin dela aitortu du, eta arrazoia eman beharrean dagoela. Igoera horren atzean ez dago herritarren kirola egiteko grina bakarrik. "Egoera honetan, askoz seguruagoa da bizikleta hartzea autobusa edo metroa hartzea baino, eta hiri handietan hori ari da gertatzen".

Bi denda ditu Arakistainek; bata Azpeitian eta bestea Azkoitian. Martxoaren 15ean, alarma egoera zela eta, itxi egin behar izan zituzten biak, eta ezin izan zituzten zabaldu maiatzaren 4ra arte. Dena dela, tarte horretan ere zerbitzua eskaintzen jarraitu zuten. "Bizikletez gain, ariketa fisikoa egiteko makinak saltzen ditugu: bizikleta estatikoak, spinningekoak, korrika egiteko zintak, eliptikak, eta abar. Denda itxita izan dugun asteetan horrelakoak saldu ditugu gehien". Bezeroek telefonoz egiten zizkieten eskariak, eta gero, dendara bila joaten zitzaizkien edo etxera eramaten zizkieten. "Itxialdiak iraun duen bitartean eskari handia egon da, jendeak kirola egiteko beharra zeukalako, eta ia guztiak saldu ditugu". Horietan ere eskariari erantzuteko arazoak izan dituztela esan du. "Dendan ez geneukan zerbait eskatzen baziguten, ez genuen jakiten ekartzerik izango genuen ala ez, fabrikatzaileak eskari guztiei erantzun ezinik ibili direlako". 

Konfinamendua arindu ahala, jaitsi egin da barruan kirola egiteko aparatuen eskaria, eta bizikletena hasi da hazten. Arakistainen esanetan, dendan dituztenekin "nahiko ondo" moldatu dira orain arte, "baina hemen ez dugun bizikletaren bat eskatzen badigute arazoak ditugu ekartzeko, banatzaileak ere bizikletarik gabe gelditzen ari direlako".

Edozein preziotan

Elorza bizikleta dendan, ostera, konfinamenduaren lehenengo asteetan hasi ziren bizikleten eskarian igoera antzematen. Nagore Elorza arduradunaren esanetan, konfinamenduko lehenengo astean herritar ugari material eta bizikleta eske deika aritu ziren, eta dendako denak salduta, ia ezer gabe daude orain. Bizikleta biltegi ezberdinetan ere ezer gabe gelditu ziren. Hori dela eta, herritarrak salgai zegoenarekin konformatzen ziren: "Batzuk 300 euroko bizikleta bat erosi nahi zuten, baina ez baldin bazegoen eta, aldiz, 500 eurokoa bai, hura erosten zuten. Eta azkenerako, 3.000 eurokoa gelditzen zela esan, eta huraxe nahi zutela esaten zizuten bezeroek", gaineratu du. "Lehen bizikleta zehatz bat eskatzeko deitzen ziguten, orain bizitzen ari garen egoera honetan, ordea, ‘mendiko bizikletarik bai?’ galdetzen digute askok, modu orokorrean. Norbaitek marka edo modelo zehatz bat erosi nahiko balu, ia ezinezkoa dela esango nuke topatzea". 

Ondorioz, Elorza bizikleta dendan "ezohiko egoera" bizi dute. Materialaren atzerapenak eta bizikletak saltzeko denboraldia bete-betean izateak bat egin dute, eta "anabasa handia" sortu da. "Inoiz ezagutu gabeko egoera" bizitzen ari direla aitortu du Elorzak. Haren esanetan, beste urteetan, bizikletak saltzeko eskaera handiko sasoia orain izaten da: "Uda hasiera eta jaunartzeen garaia izaten dira guretzat bizikletak saltzeko garairik oparoenak. Jaunartzeak urrira atzeratu dira, baina umeek orain nahi dute bizikletan ibiltzea. Horrekin ari gara pixka bat bultza egiten negozioari, baina bestelakoan, umeenak kenduta, helduentzako bizikleta gabe gaude; jende mordo bati ezezkoa esaten ari gara"

Bizikleten biltegi handiei material asko falta zaiela esan du Elorzak. Haiei kanpotik material asko iristen zaie, eta abenduan Txinan koronabirusa agertu zenean ere atzerapenak antzematen hasi zirela dio. Eta orain, honaino iritsi denean, zer esanik ez. "Materialaren atzerapenak eta bizikletak saltzeko garai altua izateak bat egin dute, eta, ondorioz, kaosa sortu da", azaldu du. "Urte mordo bat ari naiz lanbide honetan lanean, eta inoiz ezagutu gabeko egoera ikusten ari naiz. Eskaerak prestatzen dituzten biltegi batzuk 24 orduz ari dira lanean, etenik gabe, eta ezinean dabiltza. Lehen goizetik arratsaldera iristen diren eskaerak orain astebete irauten dute". Egoera bitxiak sortzen ari direla gaineratu du Arakistainek: "Lagun batek bizikleta jakin bat erosi nahi zuen, eta fabrikatzaileak esan dio salduko diola, baina gurpilik gabe, horiek berak topatu beharko dituela. Neuri ez zait horrelakorik gertatu oraindik, baina puntu horretara ailegatzen ari da egoera".

Bezeroak hara eta hona

"Egundoko egoeran" gelditu direla dio Elorzak. "Oraintxe batek Zaragozatik enkargatu dit bizikleta bat. Horrekin nahikoa esaten dut. Jende berdina hainbat dendetan galdera bera egiten ari da, baina bizikleta saltzaile gehienok egoera antzerakoan gaude". Halaxe dio Arakistainek ere. Dendara doazkien bezero gehienak azpeitiarrak eta azkoitiarrak diren arren, azken asteetan beste herri batzuetako jendea ere badatorkiela nabarmendu du. "Batzuk dendara etorri dira eta beste batzuk telefonoz deitu digute bizikleta modelo jakin batengatik galdezka. Jendea bazter guztietara deika ari da, eta denok antzera gaude". Era guztietako bizikleten salmentetan antzeman dute igoera, "bai mendikoetan, bai errepidekoetan eta baita elektrikoetan ere".

Nahi adina saldu ezin duten arren, lana ikaragarri dutela esan du Elorzak, batez ere, lantegian. "Alde batetik, askok garajean urteetan geldik egondako bizikletak konpondu nahi izan ditu orain, eta bestetik, jende asko dabil bizikletarekin egunotan, eta matxura asko izaten dituzte. Hamabost urtean bizikletan ibili ez dena ere bizikletan dabil orain. Konfinamendu honek estresa sortu digu; jende dena kalean dabil. Lehen kirolik egiten ez zuena orain kirola egiten hasi da".

Bestalde, lan egiteko "modu desatsegina" ari dela izaten dio. "Aukerarik ezin diozu eskaini bezeroari, eta iristen zaigun material apurra segituan saltzen dugu". Normaltasunera noiz itzuliko diren galdetuta, berriz, ideiarik ere ez dutela dio Elorzak. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide