Azkoitiko Udalak ateratako erosketa bonuak herriko edozein saltokitan erabil daitezkeela gogorarazi du udalak. Izan ere, erakundeak jakinarazi duenez, herritarren artean nahasmena sortu da bonuen erabilera dela eta.
Udalak adierazi duenez, herritar hainbatek bonuak Herrixen merkatari elkarteko kide diren saltokietan erabil zitezkeela uste zuen, baina jakinarazi du establezimendu guztietan truka daitezkeela, supermerkatu handietan izan ezik.
Bizi Herrixe Erosi Herrixen lelopean, udalak eta Herrixenek elkarlanean, erosketa bonuak jarri zituen saltzen maiatzaren 21ean, merkataritza biziberritzeko asmoarekin. Guztira mila bonu kaleratu zituzten, eta herritarrek 40 euro ordainduta, 60 euro erabili ahalko dituzte saltokietan.
Udaletxean salgai
Oraindik bonu batzuk badirela salgai adierazi du udalak, eta udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan eskura daitezkeela zehaztu du. Bonuen erosleak orain arte ez badu batere eskuratu, lau erosketa bonu erosteko aukera izango du. Aldiz, bonuak lehen ere erosita dituztenek beste bi eskuratu ahal izango dituzte.