Kutsatu berririk eta hildakorik gabeko lehen eguna izan da gaur Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Maxixatzen.eus 2020ko eka. 1a, 13:57

Gaixotasunaren inguruko datuak zenbatzen hasi zirenetik jasotako daturik baikorrena da gaurkoa.

Martxoaren erdialdetik lehen aldiz, ez dute koronabirus kasu positibo berririk atzeman azken 24 orduetan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Osakidetzak emandako datuen arabera. Horrez gain, COVID-19an positibo emandako hildakorik ere ez zen izan atzokoan. 1.202 detekzio-proba egin zituzten atzo: 977 PCR eta 225 test serologiko. Antigorputzen berri ematen duen testean 13 lagunek eman zuen positibo eta, PCR proban, berriz, denek negatibo. Beraz, Eusko Jaurlaritzaren arabera, 19.833 koronabirus kasu baieztatu dira gaur arte, eta horietatik 16.510ek jaso dute senda-agiria. Alegia, kutsatuen %83 sendatuta daude.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kutsatze-indizeak 1 baino baxuagoa izaten jarraitzen du: 0,68. Zehazki, kutsatu bakar batek batez beste zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten du datu horrek. Osasun Sailaren arabera, ordea, koronabirusaren eraginez zainketa intentsiboetako unitatean artatu behar izan dituzten pertsonen kopuruak gora egin du, atzo zabaldutako datuekin alderatuta bi paziente gehiago baitaude. Horrela, gaur egun 29 pertsona daude EAEko zainketa intentsiboetako unitateetan COVID-19arekin lotuta.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide