Alarma egoera luzatzeko akordioa egin dute Espainiako Gobernuak eta EAJk: hirugarren fasetik aurrera, erkidegoek kudeatu ahal izango dituzte arinaldiko neurriak. Beraz, Hego Euskal Herrian Iñigo Urkulluk eta Maria Txibitek zehaztuko dituzte hirugarren faseko neurriak.
Asteazkenean adostuko dute Espainiako Kongresuan alarma egoeraren luzapena. EAJk babesa emango dio Pedro Sanchez presidenteari, eta trukean alarma egoeratik ateratzeko neurriak kendu, luzatu, hartu edo moldatu ahal izango ditu Urkulluk. Beste aldaketa garrantzitsu bat ere izango da arinaldiaren kudeaketan; hirugarren fasean, erkidegoek proposatuko baitiote Espainiako Osasun Ministerioari zeintzuk izan daitezken "normaltasun berrira" sartuko diren lurralde unitateak. Hain zuzen, "normaltasun berrian" sartzeko lurralde unitate bat osatu nahi du Jaurlaritzak hiru lurraldeekin, eta beraz, pentsatzekoa da hiru herrialde horien artean libre mugitu ahal izango dela. Dena ondo bidean, ekainaren 8tik aurrera izango da Hego Euskal Herria hirugarren fasean.