Aurreko hilabeteetan bezala, ekainean ere Elkarguneko Herriko Plaza aretoan egingo dute hileko odol ateraldia, eta ez Berdura plazan, koronabirusaren osasun krisia dela-eta bete beharreko segurtasun neurriak bermatze aldera. Bihar dute odol emaileek ekaineko hitzordua, baina aurrekoetan ez bezala, arratsaldez bakarrik egingo dute ateraldia Azkoitiko elkartekoek, 17:00etatik 21:00etara.
Odola atera behar duten herritarrek hartuta dute dagoeneko biharko hitzordua; herritar batetik bestera hiru minutuko tartea egongo da, pilaketak-eta saihesteko. Elkarguneko aretorako sarreran, gainera, odola atera behar duen bakoitzari maskara eta eskularriak emango dizkiote. Ohatilak edo esku-oheak ohi baino gutxiago ari dira jartzen konfinamendu garaian, odol ateraldia egindako bakoitzean garbitu egin behar izaten baitituzte.
Txandak banatu badituzte ere, bihar odola ematera joan nahi duten eta txandarik ez duten herritarrek ere eska dezakete oraindik ordua, 610 112 145 telefono zenbakira deituta.