Lurraldebusek zerbitzuen maiztasuna gehituko du gaurtik aurrera

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 30a, 11:37

Zumaia-Zumarraga linea da lehengo ordutegia guztiz berreskuratua duen bakarra, baina gainerako linea guztiek ere orain arte eman dituzten zerbitzuak nabarmen gehituko dituzte gaurtik.

Lurraldebusen erabiltzaileek autobusean joan-etorriak egiteko aukera gehiago izango dituzte gaurtik aurrera. Koronabirusaren krisiaren ondorioz, asko murriztu zuten zerbitzuen maiztasuna Urola Erdia lotzen duten autobus ibilbideek. Konfinamendua arintzeko faseek aurrera egin ahala, berriz, pixkanaka hasi dira gehitzen zerbitzuak, eta gehienetan oraingoz normaltasuna berreskuratuko ez duten arren, gaurtik aurrera "zerbitzu gehitze nabarmena" izango dute, Lurraldebuseko zerbitzu horiek ematen dituen La Guipuzcoana enpresakoek azaldu dutenez.

Uneotan, Zumaia-Zumarraga joan-etorriak egiten dituen UK06 linea da ohikotasunera itzuli den bakarra; COVID-19ak eragindako murrizketak alde batera utzita, %100 berreskuratu ditu zerbitzuak linea horrek. Urola Erdiko beste sei lineatan (UK01 Azkoitia-Donostia, UK-02 Azkoitia-Tolosa, UK-03 Azkoitia-Zarautz, UK-04 Beizama-Azpeitia eta UK-05 Zestoa-Ermua) gaur indarrean jarri dituzten ordutegi berriak La Guipuzcoanaren webgunean ikus daitezke.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide