Azken unera arte denboraldiari eutsi nahi izan badio ere, azkenean, Gipuzkoako Euskal Pilota Fedederazioak 2019/2020 denboraldia bertan behera uztea erabaki du. GEPFk azaldu duenez, azken asteetan "hainbat proposamen lantzen" ibili dira, baina txapelketak jokatzeko "bermerik" ez dagoela azpimarratu du federazioak; hain zuzen ere, instalakuntzen irekiera, horien erabilera, segurtasun irizpideak eta protokoloak ezin direla bermatu azaldu dute. GEPFk nabarmendu du erabaki hori hartzerakoan "denen ongizatea" lehenetsi dutela, eta klubei hilabete hauetan izan duten "pazientzia eta jarrera eskertu" diete.
Horrenbestez, bertan behera gelditu dira jokatzen ari ziren edo jokatzekoak ziren hainbat txapelketa; besteak beste, Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa, Ezker Hormako Kluben Arteko Gipuzkoako Txapelketa nahiz Udaberri Saria. Pilota klubak jakinaren gainean zeuden aurtengo denboraldia bertan behera utzi zezaketela, eta Azkoitiko Oteiza taldeko kideek "penaz" hartu zuten GEPFren asmoa.