Rural Kutxaren laguntzari esker, Orain gure txanda da kanpaina berria jarri du martxan Herrixen Azkoitiko merkatari elkarteak. Ekainean zehar erosketak Azkoitia txartelarekin egiten dituzten herritarren artean, bost, hamar eta 50 euroko erosketa hobarituak zozkatuko ditu Herrixenek; guztira, 4.000 euro banatuko ditu. Bestalde, kanpainaren inguruko bideo bat eta irratiko iragarkiak ere zabalduko dituzte.
Koronabirusaren pandemiagatik itxita egon diren saltokiei laguntza eskaintzea da Herrixenen kanpaina berriearen xedea, baita apurka-apurka saltoki horiek martxan jarri daitezen bermatzea ere. Horrez gain, Herrixenek "betiko" bezeroei "esker ona" erakutsi nahi izan die, herriko saltokietan konfiantza izateagatik eta "herriarekiko apustua" egiteagatik.