Azkarateko hondakin gunea

Azkarate Garbi plataformak elkarretaratzea deitu du bihar arratsalderako

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 27a, 14:29

Azkarateko hondakin guneaz eztabaidatzeko bilkura deitu du udalak biharko, eta Azkarate Garbi plataformak kontzentrazioa deitu du bilera bukaera ingururako. Elkargunearen atarian jarri dute hitzordua, 20:00etan. Udalak parte-hartze prozesua abiatu duela eta, Azkarateko hondakin gunearen aurkako lapiko-jotzeak bertan behera utziko dituzte "behin behinean".

Hilabeteak dira herritarrak Azkaraten egin nahi duten hondakinen gunearen aurkako lapiko-jotzeekin hasi zirela, baina udalak gaiaren inguruko parte-hartze prozesua hasiko duela eta, ostegunetako protesta egitasmoa bertan behera uztea erabaki du Azkarate Garbi plataformak. Lapiko-jotze deialdiak etengo badituzte ere, elkarretaratzea deitu dute biharko: 20:00etan izango da Elkargunearen atarian.

Hain zuzen ere, Elkargunean bertan izango da bihar Azkarateko hondakin guneaz eztabaidatzeko udalak antolatu duen mahai-ingurua, eta "Azkarate garbi baten aldeko jarrera sendo" azaltzeko, bilera bukaeraren garaian kontzentrazioa egitea erabaki dute Azkarate Garbi plataformako kideek. Herritarrei protesta ekitaldian parte hartzeko deia egin diete plataformako ordezkariek.

Azkarate Garbi plataformako kideen ustez, lapiko-jotzeak "garrantzitsuak" izan dira bai gaia jendartera zabaltzeko, bai alkatea elkarrizketara ekartzeko. "Herritarren lorpena izan da, zalantzarik gabe, udalari lehen pausoa emanaraztea". Plataformako ordezkariek azaldu dutenez, udalak parte-hartze prozesua zabalduta, "pauso bat" ematea erabaki dute, eta beraz, lapiko-jotzeak bertan behera utziko dituzte "momentuz eta behin-behinean".

Dena den, parte-hartze prozesuak zer bide hartuko duen ikusteko zain daude: "Jabetzen gara arazoa bideratzen hasi bakarrik egin dela, ez dagoela ezer konpoduta. Beraz, elkarrizketa desbideratuko balitz edo beraienarekin ateratzeko iruzurra besterik ez dela ikusiko bagenu, ekimen berriak eta are indartsuagoak proposatu beharrean izango gara".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide