Seigarren egunez jarraian, positibo berririk ez Gipuzkoan

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 26a, 13:00

COVID-19 gaitzaren sei positibo zenbatu ditu Osakidetzak azken orduetan, guztiak Bizkaian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan bost izan dira hildakoak azken 24 orduetan hildakoak, atzo baino bat gutxiago.

Seigarren egunez jarraian, Osakidetzak ez du koronabirus kasurik hauteman Gipuzkoan. Kutsatzeei dagokienez, sei kasu berri atzeman dituzte, guztiak Bizkaian. Azken 24 orduetan hildakoak, berriz, bost izan dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, atzo baino bat gutxiago. Nafarroan, berriz, bi hildako eta bost postibo berri zenbatu dituzte azken kontaketan.

Azken egunetan COVID-19 gaitza atzemateko proba gehiago egiten ari da Osakidetza. Atzo, esaterako, 3.661 proba egin zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan: 2.331 PCR proba eta 1.330 test azkar. Datu ofizialen arabera, kontaketa hasi zutenetik 19.469 positibo zenbatu dituzte hiru probintzia horietan, eta pertsona horien %90ek jaso dute senda-agiria (17.530). Kutsatutakoen %7,7 hil da guztira: 1.505 pertsona. Bestalde, 28 lagun daude ZIUn ospitaleratuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, atzo baino bost gutxiago. Horrez gain, Osakidetzak emandako datuen arabera, kutsatu bakoitzak 0,69 pertsonari pasatzen dio birusa gaur, birusak mantentzeko behar duen kopurutik (1) behera.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide