Azkaraten Larke 360 enpresak egin nahi duen hondakinen plantaren gaineko bilkura antolatu du Azkoitiko Udalak ostegunerako. Interes taldeek eraikuntza eta eraispen hondakinen gaia xehetasunez jorratzeko asmoz prestatu dute bilera, eta saioaren helburua da talde edo ordezkari bakoitzak bere ikuspuntuak eta proposamenak mahaigaineratzea, izan ditzaketen kezkak azaltzearekin batera. "Elkarrizketa sosegatu bati bide ematea" da udalaren nahia. Hitzordua 17:00etan izango da Elkargunean.
Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek, Azkarate Garbi Auzotarrak elkartekoek, Azkarate Garbi plataformakoek, Eusko Jaurlaritzakoek, Excavaciones y Desmontes Lagunak eta Larke 360 enpresetakoek, Azkoitiko hainbat gremiotakoek, eta Urola Bizirik natur taldekoek parte hartuko dute bilkuran, baita hirigintza arauen erredakzio taldeko kide batek ere. Horrez gain, baliteke Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko (GHK) ordezkariren bat ere bileran izatea, nahiz eta oraindik ez duten baieztatu.
"Lansaioa ez dago pentsatuta bertan erabaki bat hartzeko, ezta posizionamendu bat partekatzen ez dutenek elkar konbentzitzen saiatzeko ere. Helburua da informazioa biltzea, gaia bere konplexutasun osoarekin jorratzea eta ondorioetara iristea, gero denentzat onena den erabaki bat hartu ahal izateko", azaldu du udalak. "Publikoki azaldu diren jarrerak nahiko urrun daude elkarrengandik, baina akordio bat lortzearen aldeko aukera lehenetsi da, denei hitza emanez", gaineratu du. Udalak azaldu duenez, deseskalatzearen bigarren fasean sartzeak ahalbidetu du solasaldia aste honetan egin ahal izatea, eta segurtasun neurri guztiak hartuta gauzatuko dute bilera.
Saioa, streaming bidez
Bilera itxia izango da, baina eztabaida sortu duen gaia izanda, herritarrei bilkura jarraitzeko aukera emango die udalak. Hain zuzen ere, streaming bidez jarraitu ahal izango da zuzenean, www.azkoitia.eus webgunearen bidez.