Neka-neka eginda daude zahar etxeetako langileak, Luz Ibañezek hainbatetan esan duenez: "Ezin lo egin, antsietatearekin... Egunak joan eta egunak etorri, hau ez da amaitzen. Eta segitu egingo du". 37 urte daramatza sektorean lanean; egun, Azkoitiko San Jose egoitzan dabil, eta LAB sindikatuko ordezkaria da han. "Lehen, gaizki geunden, eta, orain, okerrago". Osasun larrialdiak lan zama handitu diela nabarmendu du: "Protokoloaren arabera, egoiliarren logeletan ahalik eta jende gutxiena sartu behar da, eta ahalik eta gauza gehiena egin; beraz, laguntzaileoi dagokigu orain tenperatura hartzea, gela bera garbitzea... Eta ez du denerako denbora ematen".
"Koronabirusak azkena eman digu, bai egoiliarrei bai langileei. Haiek zein guk sufritzen baitugu". Adinekoek adierazten dieten esker onak iraunarazten ditu beharginak: "Lan mordoa egiten ari gara: aurrera goaz langileak bihotzez ari garelako, %150 ematen". Ibañezek erantsi du egunotan hogei minutu lehenago sartzen ari direla lanera, segurtasun neurrietara egokitzeko, eta sarri beranduago ere ateratzen direla. "Ez pentsa enpresak ezer jarri duenik; laguntza txiki bat baino ez digute ekarri goizetan, baina lanaldi erdi bat ere ez da. Koronabirusak mundua aldatu du, baina diruak jarraitzen du agintean".
Jarraitu erreportajea irakurtzen, Berria.eus-en.