COVID-19aren sintomak dituztenei PCR probak egiten hasiko da Osakidetza

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 19a, 13:17

Ospitaleratuta dauden edo koronabirusaren sintomekin osasun zentroetara nahiz larrialdi zerbitzuetara joaten diren pertsona guztiei egingo diete proba, baita sintomak dituzten adinekoen egoitzetako egoiliarrei ere. Arau berriaren arabera, sintomen garapen unearen arabera test azkarrek ordezka ditzakete PCR probak.

Ospitaleratuta dauden edo COVID-19aren sintomekin osasun zentroetara nahiz larrialdi zerbitzuetara joaten diren pertsona guztiei PCR probak egiten hasiko da Osakidetza, baita adinekoen egoitzetan diren eta koronabirusaren zantzu izan daitezkeen sintomak dituzten egoiliarrei ere. 

Gaur, asteartea, argitaratu dute erabaki hori Euskal Herriko Agintaritza Aldizkarian, eta arnas sintomak, eztula, aire falta, sukarra, usaimen eta dastamen galera eta eztarriko mina aipatu dituzte koronabirusaren sintomak zehazterakoan. Arau berriaren arabera, sintomen garapen unearen arabera test azkarrek ordezka ditzakete PCR probak.

Nekane Murga Osasun sailburuak azaldu duenez, neurri horrekin koronabirusa azkar hautematea eta kasu berriak eta horien zabalkundea kontrolatzea nahi dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako deseskalatze fasean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide