Juan Mari Aranbarri Etxaniz izatez Madariagako Madariaga Berri baserrikoa da, eta irailean 90 urte beteko ditu. Ezkondu zenetik Mendaroko Atxuri baserrian bizi da. Baserri hori Mendaroko lurretan dago, baina ataria Azkoitia da. Atxurikoak Madariagakoak sentitzen dira, eta bizimodua Azkoitian egiten dutela diote. San Isidro egunez elkartu da Maxixatzen Aranbarrirekin, eta hark txikitako oroitzapenak eta Madariagako erromeri jendetsuak ekarri ditu gogora.