Zeintzuk dira telelanerako baldintza egokiak?

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 14a, 17:59

Hainbat aste pasatu da herritar ugari telelana egiten hasi zirenetik. Baina zeintzuk dira telelana gauzatzeko baldintza egokiak? Argitaratu duen azken txostenean hainbat gomendio jaso ditu Osalanek.

COVID-19ak ekarritako osasun krisiaren ondorioz, asko dira telelana egitea tokatu zaien herritarrak. Aste batzuk pasatu dira jada etxetik lanean hasi zirenetik, baina zeintzuk dira telelana egiteko baldintza egokiak? Osalanek, Laneko eta Segurtasun eta Osasunerako Euskal Erakundeak, etxetik ahalik eta ondoen lan egiteko hainbat gako jaso ditu argitaratu berri duen txostenean:

Lanerako espazio egokia identifikatu. Lan egiteko eremu isolatu bat identifikatzea beharrezkoa da etxetik lana ondo egin ahal izateko. Aldi berean, ordenatuta mantendu behar da lanerako espazioa, eta tenperatura zein aireztapena zaintzea ere komenigarria da. 

Diseinu ergonomikoa. Garrantzitsua da lanerako erabiliko den espazioak diseinu ergonomikoa izatea. Mahaiak 68 zentimetroko altuera izatea komeni da gizonezkoen kasuan, eta 65 zentimetrokoa, emakumeenean. Lan egiteko erabiliko den aulkiak bost beso izatea gomendatzen dute, mugitzeko askatasuna izateko. Horrez gain, sorbaldak erlaxatuta eta ukondoak 90 gradutara tolestuta edukitzea komeni da, bizkarrak ez sufritzeko. Garrantzitsuena aulkitik askotan altxatzea da, artikulazioen gainkargak saihesteko. Argitazpenari dagokionez, komenigarria da argi naturalarekin lana egitea; ezin bada, ikusmen baldintza egokiak bermatzen dituen argiztapen artifiziala erabili behar da.

Gailu elektronikoen erabilera. Dokumentuek, teklatuak eta pantailak begietatik antzeko distantziara egon beharko dute. Pantailen kasuan, gainera, 40-55 zentimetrora artean egotea gomendatzen dute, ikusmen nekea eta buruko nahiz lepoko minak saihesteko. Gainera, ordenagailu eramangarriekin lan egitea lehenesten du Osalanek, garraiatzeko erraza izateko ezaugarriak dituelako. Gainera, ez da komeni tabletekin edo mugikorrekin lan egitea, pantaila txikiagoak dituztelako eta bistaratzea ukipen-pantaila berean txertatzen dutelako oro har; horrek ikusmen nekea areagotu dezake. Mugikorrek-eta eskaintzen dituzten distrakzioak saihestea ere oso garrantzitsua da, arretagune garrantzitsu bihur ez daitezen.

Lanegunak antolatu. Ezohiko egoeraren ondorioz, garrantzitsua da lan erritmoa zaintzea. Horregatik, ez dugu ahaztu behar lana ondo antolatzea eta helburuak finkatzea. Izan ere, errutinak mantentzeak eta lan ordutegia zorrotz betetzeak murriztu egingo du telelanean ari denaren lanerako adizkio arriskua, uneoro egon baidaiteke lanera konektatuta IKTen bidez. Horrez gain, beharrezkoa da atsedenaldiak egitea, eta etenaldi asko eta laburrak egitea lehenesten du Osalanek, behin neke egoerara iritsita, zaila baita suspertzea. Ordenagailuaren aurrean 50 minutuko 5-10 minutuko atsedenaldia egitea komeni da. Elikadura zaindu behar da aldi berean, eta etengabe mokaduak ez egiten ere saiatu behar da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide