Udaleko Herritarren Arreta Bulegoa eta Elkarguneko harrera berriro arreta presentziala ematen hasiko dira datorren astelehenean, maiatzak 18.
Herritarren Arreta Bulegoaren kasuan, izapideak presentzialki egiteko, derrigorrezkoa izango da aurrez hitzordua eskatzea, jende multzorik sor ez dadin eta agindutako segurtasun neurriak bermatu ahal izateko. Astelehenetik ostiralera 07:30etik 15:30era egongo da zabalik. Arreta presentziala jaso nahi duten herritarrek 943-08 00 80 telefonora deitu beharko dute hitzordua zehazteko edo azkoitia@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzi.
Elkarguneko harrera ere astelehenean zabalduko da. Astelehenetik ostiralera 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:30era irekiko dituzte ateak. Online tramiteak egiteko terminala Elkarguneko harreran dagoela gogorarazi du Azkoitiko Udalak, eta aurrez aipatutako ordutegian erabili ahalko da.
Herritarren Arreta Bulegoak eta Elkarguneak, gainera, arreta telefonikoa eta telematikoa eskaintzen jarraituko dute. Arreta Bulegoak 07:30etik 15:30era eta Elkarguneak 08:00etatik 18:30era.
Azkoitia Lantzen
Azkoitia Lantzenen bulegoa maiatzaren 25ean zabalduko da, eta aldez aurretik telefonoz deitu beharko da edozein tramite egiteko. 943-85 71 51 telefono zenbakira edo azkoitialantzen@azkoitia.eus helbide elektronikora idatzi beharko da. 08:00etatik 15:00etara zabalduko dute astelehenetik ostiralera. Azkoitia Lantzenek ere arreta telefonikoa edota telematikoa eskaintzen jarraituko du.
Segurtasun neurriak
Udalak, prebentzio planari jarraituz, hainbat segurtasun neurri ezarriko ditu. Besteak beste, arreta presentziala jaso nahi duten herritarrei bere maskara eta boligrafoa eramateko eskatu die bai Arreta Bulegora eta bai Azkoitia Lantzenera. Elkargunean ere maskara erabiltzea gomendatu diete erabiltzaileei. Jarriko diren oharrak "une oro errespetatzea" eskatu du, gainera.