COVID-19aren herriz herriko datuak kendu dituzte Osakidetzaren eguneroko txostenetik

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 14a, 15:34

"Epidemiaren joerak positiboa izaten jarraitzen" duela dio Osasun Sailak eta, horren arabera, "datuak egoerara egokitzen jarraituko" dutela. Datozen egunetan eguneroko txostenetan "aldaketak egin ahal" izango dituztela gaineratu dute, baina momentuz ez dute zehaztu zer datu eta informazio zabalduko duten aurrerantzean.

Koronabirusaren osasun krisialdia hasi zenetik, COVID-19 gaitzak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan izan duen bilakaeraren berri eman du Osakidetzak egunero, eta horrela egiten jarraitzen du. Lurraldekako hildakoen, kutsatutakoen edota ospitaleratuen datuekin batera beste hainbat xehetasun eman izan ditu Osakidetzak egunero; tartean, hiru lurraldeetako herriz herriko positibo kopuruena. Gaurko eguneraketan, ordea, herriz herriko daturik ez du eman Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak, ezta ospitaletakoak eta osasun eremuetakoak ere.

Aurrerantzeko eguneroko txostenetan datu horiek berreskuratuko dituzten ala ez ez du zehaztu Osasun Sailak gaur bertan plazaratu duen oharrean. Batetik, Espainiako Osasun Ministerioak eskatutako irizpide aldaketari men egin eta gaurtik aurrera eguneko datuen eguneraketan bezperako gauerdira artekoak ematen hasiko dela iragarri du Osasun Sailak; orain arte, bezperako 20:00ak artekoak zenbatzen zituzten. Bestetik, txosten eredu berri bat lantzen ari direla aurreratu du. “Epidemiaren joerak positiboa izaten jarraitzen” duela dio Osasun Sailak eta, horren arabera, “datuak egoerara egokitzen jarraituko” dutela. Datozen egunetan eguneroko txostenetan “aldaketak egin ahal” izango dituztela gaineratu dute, baina momentuz ez dute zehaztu zer datu eta informazio zabalduko duten aurrerantzean.

Lurraldekako datuak

Azken orduetan hamabi pertsona hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan COVID-19 gaitzak jota. Guztira, 1.454 lagun hil dira kontaketa hasi zutenetik: 356 Araban, 815 Bizkaian eta 283 Gipuzkoan. Kutsatu berriei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera PCR testak eginda 38 positibo berri atzeman zituzten atzo hiru lurraldeetan, bost Araban, 30 Bizkaian eta hiru Gipuzkoan; test azkarretan, berriz, 180 positibo atzeman dituzte. Guztira, 18.316 positibo baieztatu dituzte hiru lurralde horietan pandemia hasi zenetik: 4.868 Araban, 10.332 Bizkaian eta 3.116 Gipuzkoan.

Datuen interpretazioa

Garrantzitsua da datuek islatzen dutena interpretatzen jakitea. Herriz herriko zenbakiek test serologikoetan positibo eman dutenen datuak adierazten dituzte. Zenbaki horrek ez du esan nahi atzotik gaixo kopurua hazi dela, antigorputzak garatu dituzten pertsonen kopurua hazi dela baizik.

Antigorputzak garatu dituztenak gaixo egon daitezke, edo gaixotasuna gaindituta izan dezakete. Unean bertan gaixo dauden edo ez atzematen duen testa da PCR-a. Herriz herri ematen dituzten datuetan ez da argitzen test serologikoan positibo emandakoetatik zenbatek eman duten positibo PCR testean ere; beraz, ezin da jakin herriz herri gaixo daudenen kasu berririk atzeman duten edo ez.

Lurraldeka ematen diren datuetan, berriz, PCR testean positibo eman dutenen kopurua hartzen da aintzat, horiek direlako egun batetik bestera atzemandako gaixo errealak; gainontzekoek, dagoeneko gaindituta dute gaixotasuna.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide