Kirola eta erosketak egiteko herritik ateratzea baimendu dute

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 10a, 19:50

Eusko Jaurlaritzak aurreratu duen zirriborroaren arabera, lanera joateko ez ezik, kirola egiteko ere igaro ahalko dira udalerri batetik besterako mugak. Etxe berean bizi diren lagun guztiak elkarrekin atera ahal izango dira. 14 urtetik beherakoek gehienez ordutebete izango dute kalean egoteko.

Azken orduetan zalantza sortu da bihartik aurrera egin ahal izango denaren inguruan eta errespetatu beharko diren ordutegiez. Eusko Jaurlaritzak atzo jakinarazi zuen ezingo direla herri batetik besterako mugak zeharkatu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, jarduera sozioekonomiko zehatz batzuetarako ez bada. Gaur, ordea, kirola egiteko herritik atera ahal izango dela adierazi du Jaurlaritzak. Hain zuzen ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek beren udalerriekin muga egiten duten herrietara joateko aukera izango dute, lasterka, bizikletan edo menditik oinez, betiere, bidea beren udalerrian hasten badute. Erosketak egitera ere joan ahal izango da ondoko herriren batera. Dena dela, osasun arrazoiak tarteko, norbere herritik "ahalik eta gutxien" mugitzea gomendatu du Jaurlaritzak.

Gainera, paseatzeko ezarrita zegoen kilometro bateko muga indargabetuko da; hau da, kilometro bateko mugaz harago ibili ahal izango dira herritarrak. Dena dela, ezingo dira ordubete baino gehiago ibili paseoan. Horrekin batera, etxe berean bizi diren lagun guztiek batera ateratzeko aukera izango dute. Hori bai, paseatzeko eta kirola egiteko ordutegiek berdin jarraituko dute: 06:00etatik 10:00etara, eta 20:00etatik 23:00etara, helduen kasuan; 10:00etatik 12:00etara, eta 19:00etatik 20:00etara, mendekotasunen bat dutenentzat eta 70 urtetik gorakoentzat; eta 12:00etatik 19:00etara, 14 urtetik beherako haurrentzat. 14 urtetik beherakoek gehienez ordubete izango dute kalean egoteko, orain arte bezala.

Dendek eta tabernek 06:00etatik 23:00etara irekitzeko baimena izango dute. Herritarrek edozein ordutan izango dute terrazetan egoteko aukera, denbora mugarik gabe. Gimnasio pribatuek ere irekitzeko aukera izango dute bihartik aurrera. Herritarrak gune horietara joan ahal izango dira, beren udalerrian edo ondoko herriren batean badaude. Gainera, aurrez txanda eskatu beharko dute. Erakunde publikoek kudeatzen dituzten kirol instalazioek, ordea, itxita jarraituko dute. Kultur jarduerak ez ditu baimenduko Jaurlaritzak bigarren fasera arte; beraz, itxita jarraituko dute liburutegiek, museoek eta jarduera kulturalak eskaintzen dituzten guneek.

EAEko buletin ofizialean argitaratzearekin batera jarriko da indarrean lehen faseari dagokion araudi berria.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide