Datorren astelehenetik aurrera —maiatzak 11— Azkoitiko parrokiak ateak irekiko ditu. 1. fasean sartuko da etzi Azkoitia ere, eta ondorioz mezak eta elizkizunak publikoki egiteko baimena egongo da Azkoitiko parrokian. Astean zehar egin ohi diren mezak eta zapatuetakoak 19:00etan hasiko dira parrokian. Igandean, berriz, 09:00etan egingo dute Santa Klaran, eta 10:00etan eta 11:00etan parrokian. Itxialdian egin bezala, online ere emango dituzte mezak, ordea.
Espainiako Gobernuak otoi edo gurtza lekuetan publikoa jasotzeko hainbat neurri hartu ditu. Azkoitiko parrokiak, Espainiako Gotzainen Batzarrak emandako argibideei jarraituz, herritarren artean "kutsatzeak ekiditeko eta osasuna babesteko" helburuz hainbat neurri hartu ditu. Parrokiako dagoeneko jakinarazi du, gainera, indarrean egongo direla hartutako neurriak Espainiako Gobernuak ezarritako fase guztietan.
Azkoitiko parrokiak hartu ahal duen pertsona kopuruaren herena hartuko du astelehenetik aurrera. Gainera, parrokiara joan behar dutenei maskara erabiltzeko gomendioa egin die parrokiak. Arrisku taldeko pertsonei, berriz, mezak online jarraitzeko gomendatu diete. Ur bedeinkatuaren piletan, bestalde, ez da urik egongo.
Sarrera-irteerako neurriak
Sarrerako ateak meza eta elizkizun garaietan irekita egongo direla jakinarazi du parrokiak, "inork ukitu ez ditzan". Gainera, astean zehar egiten diren mezetan aurreko atea irekiko dute bakarrik. Parrokiarako sarreran bi lagun egongo dira eskuak gelarekin garbitzeko eta herritarrei non eseri behar duten adierazteko, izan ere elizako eserlekuak markatu egingo dituzte.
Elizkizunaren amaieran ere, hasieran bezala, ate guztiak irekiko dituzte eta eskuak garbitzeko gela ere banatuko dute elizara joan diren herritarren artean. Halaber, elizkizunaren amaieran parrokiaren atarian taldetxoetan ez biltzeko eskatu du.
Hiletak eta auzoetako mezak
Deseskalatzearen 2. fasea, okerrik ezean, maiatzaren 25ean hastea aurreikusten du Espainiako Gobernuak. Azkoitiko parrokiak hileta elizkizunak fase horretatik aurrera ospatzea erabaki du. Auzoetako mezak, berriz, fase horretan antolatuko dituztela jakinarazi dute.