Fisioterapeuta

Naroa Aranbarri: "Gorputzari ohitzeko behar duen denbora ematen ez badiogu, lesioak izan genitzake"

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 11a, 10:04

Naroa Aranbarri (ezkerretik bigarrena), bere lankideekin.

Maiatzaren 2az geroztik, egunero kirola egitera ateratzeko baimena dute herritarrek, eta asko dira egunotan aukera hori baliatu dutenak. Naroa Aranbarri fisioterapeutaren esanetan, kirola egitea beti da osasungarria, baina arretaz hasteko aholkua eman du, "orain daukagun gaitasuna ez delako konfinamendua hasi aurretik geneukan bera". Lesioak saihesteko hainbat gomendio eman dizkie herritarrei. 

Asteak aire zabalean kirolik egin gabe egon ostean, nola komeni da hastea ariketa fisikoa egiten?

Garrantzitsua da jakitea norbera zer sasoi puntutan dagoen eta horren arabera hastea ariketa fisikoa egitea. Konfinamendu garaian etxean geldirik egon denak hasieratik hasi beharko luke, bai iraupenari eta bai intentsitateari dagokionean, eta era progresiboan joan handitzen. Aldiz, etxean jarrera aktiboa izan duenak ez dauka hasieratik hasi beharrik, baina ohiko kirolera egokitzeko denbora beharko du, ez delako berdina kirola etxean edo kanpoan egitea.

Masa muskularra galtzea eta kiloak hartzea izan daitezke konfinamenduaren ondorioetako batzuk. Zeintzuk dira konfinamenduak kirolarien gorputzetan eragindako ondorio nagusienak?

Konfinamenduan sasoiari eustea oso zaila da, eta erresistentzian, indarrean eta flexibilitatean ondorioak nabarituko dituzte herritar gehienek. 

Zein izan daitezke bat-batean kirola egiten hastean sor daitezkeen lesioak?

Zuntz hausturak, tendinitisak eta gainkargak dira lesiorik ohikoenak.

Zer ariketa edo kirol egiten hastea komeni da lesioak saihesteko?

Berdin da zein kirol egin, beti ere progresiboki egiten bada. Hasieran beroketak eta amaieran luzaketak egitea ere garrantzitsua da.

Zergatik da min hartzeko arriskua handiagoa orain?

Kontuan izan behar dugu konfinamendua hasi aurretik eta orain ez daukagula gaitasun bera. Geldirik egon denaren artikulazioek eta giharrek mugimendurako erresistentzia eta indar gaitasuna galduko zuten. Horregatik, gorputzak ezin du lehengo martxan hasi. 

Zenbat denbora behar da gorputza berriz ere ohitzeko?

Jarduera fisikoa modu egokian eginda eta errekuperazio faseak errespetatuta, posible da bizpahiru astetan gorputza berriz ohitzea.

Zer zaindu behar da kirola egiterakoan?

Garrantzitsua da hasieran beroketak eta ondoren luzaketak egitea, saioak modu progresiboan gogortzea, errekuperazio faseak errespetatzea eta norbere sentipenei kasu egitea. Hidratazio eta elikadura egokia izatea ere komenigarria da.

Galdutako denbora errekuperatzeko helburuarekin ateratzea zenbaterainoko kaltegarria izan daiteke?

Gorputzari ohitzeko behar duen denbora ematen ez badiogu, arazo kardiobaskularrak edo giharretako eta artikulazioetako lesioak izan genitzake.

Zer gomendio emango zenioke sekula kirolik egin ez duen edo oso gutxi egin duen bati?

Gustuko kirola aukeratu eta egiten hasteko, beti ere aurretik emandako gomendioak kontuan hartuta. Kirola egitea beti da ona osasunarentzat, eta orain, horrenbeste egun konfinatuta egonda, are gehiago.

Astean zenbat aldiz eta zenbat deboran komeni da kirola egitea hastapenetan?

Adinak, esperientziak eta kirol motak baldintzatuko luke hori, baina, oro har, astean 45 minutuko hiru saio egitea ondo legoke.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide