Tabernek terrazak bakarrik irekitzeko aukera izango dute astelehenetik aurrera, eta horiek, gainera, %50eko edukieran. Azkoitiko Udalak azaldu du kasuz kasu aztertu duela herrian terrazak dituzten establezimenduen egoera, eta planoak egin ditu terrazen neurriak zehazteko. "Ahal den neurrian" taberna bakoitzak ordaintzen duen terrazako mahai kopuruari eustea da udalak duen asmoa.
Hori horrela, terrazak dituzten 30 establezimendu zenbat ditu Azkoitiko Udalak, eta hamaseik erabaki dute "oraingoz" ateak irekitzea. Beste bederatzik ez dituzte astelehenean ateak irekiko, eta bostek ez dute erabaki zer egin. Tabernariek errazak zabaltzeko aukera izango dute astelehenean, baina kezkatuta daude; Um Blem Ble tabernarien elkarteko taberna gehienek irekiko dituzte ateak, baina itzulera nola egin beharko duten ez dakite ziur. "Informazio falta" dutela diote, eta lehen egunetan gauzak nola joango diren ere ez dakite.
Dean tabernako Xabi Artetxe da Azkoitiko tabernarietako bat. "Eguneroko lana planifikatzeko hainbat informazio falta dugu, esaterako, ordutegiarena. Horrez gain, bezeroak nola etorriko diren eta nola funtzionatu beharko dugun ere ez dakigu. Horrek guztiak, aurrez antolatzeko zalantza asko sortzen dizkigu", azaldu du.
Bezeroek ezingo dute tabernara sartu, tabernariak irten beharko du terrazara bezeroak zerbitzatzera. Bezeroak tabernako komunera sartzeko aukera izango du bakarrik, eta banaka. Terrazan eskuak garbitzeko gelak eduki beharko dituzte tabernek, eta bezeroren batek terraza utzi eta beste bat eseri aurretik mahaiak-eta garbitu egin beharko dituzte tabernariek. "Horrelako kontu batzuk badakizkigu, baina ez dakigu maskarekin egon behar dugun, eta terrazan edota inguruan jendea pilatzen bada guk kontrolatu beharko dugun. Informazio falta dugu, eta horrek guztiak nola lan egin behar dugun antolatzea eragozten digu", adierazi du Artetxek.
Taberna gehienetako langileak lana aldi baterako erregulatzeko txostenarekin daude, eta zenbat langilerekin lanean hasi beharko duten aurreikustea ere zaila egiten zaie oraingoz tabernariei. Ez dakite ez bezeroak zein ordutan joango diren ezta tabernak zein ordutegitan irekitzeko aukera izango duten ere. Dena den, lanean hasteko eta lehengora itzultzeko urratsei ekiteko gogoz daude. Galipan tabernako Patricia Gonzalez da horietako bat: "Probatzeko bada ere ireki egingo dugu terraza astelehenetik aurrera. Gero ikusiko dugu zein neurri hartu beharko ditugun. Behin martxan hasten garenean baloratuko dugu pena merezi duen tabernako terraza irekitzeak; ikusiko dugu jendeak zer joera duen. Pixkanaka, baina hasi beharra daukagu, aurrera egiten joateko eta jendearen animoak altxatzeko", azaldu du Galipan tabernako kideak.