Beilatoki zerbitzua, astelehenetik martxan

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 8a, 08:32

Elizako ateak ere astelehenean zabalduko dituzte, konfinamendua arintzeko neurri berriak indarrean sartzen diren egun berean. Eguneroko mezak, igandetakoak eta hileta elizkizunak egiten hasiko dira, baina konfinamendu garaian hildakoen omenezko elizkizunak aurrerago egingo dituzte.

Koronabirusa hedatzea saihesteko neurrien baitan, beilatoki zerbitzua ematea galarazi zuen Eusko Jaurlaritzak martxoaren 26an. Astelehenean, konfinamendua amaitzeko bidearen lehenengo fasean sartzearekin batera, berriz hasiko dira zerbitzu hori ematen, baina baldintza batzuekin. Carmona ehorztetxeko arduradunek Maxixatzeni azaldu diotenez, beilatokira sartzeko beharrezkoa izango da maskara eta eskularruak jantzita izatea eta beilatokiko gela bakoitzean ezingo dute hamar lagunek baino gehiagok aldi berean egon.

Beilatoki zerbitzua ematen hasten diren egun berean irekiko dituzte elizako ateak ere hiletak zein bestelako ospakizunak egiteko, gehienez aforoaren heren bat betetzeko mugarekin. "Astelehenean hasiko gara eguneroko meza ematen, baina arratsaldean izango da, 19:00etan", jakinarazi du Felix Azurmendi Azkoitiko erretoreak. Igandetako meza emateari, berriz, hilaren 18an ekingo diote. "09:00tan Santa Klaran, 10:00etan eta 11:00etan parrokian eta Martirietan ere bai ziurrenik. Urrategin agian beranduxeago hasiko gara, eliza txikia delako eta segurtasun tarteak zaintzeko arazo handiagoa izango genukeela".

Elizkizun guztiak neurri zorrotzak hartuta ospatuko dituztela ziurtatu du Azurmendik. "Gure elizak handiak dira eta ez dut uste tarteak mantentzeko-eta arazorik izango dugunik, baina, hala eta guztiz ere, dena ondo adierazita jarriko dugu, jendeak jakin dezan non jarri behar duen eta non ez". Elizara maskara eta eskularruak jantzita joatea gomendatzen dela ere esan du, baina ez dela izango derrigorrezko baldintza.

Konfinamendu garaian hil diren herritarren omenezko hileta elizkizunak egiten, berriz, aurrerago hasiko direla adierazi du herriko erretoreak. "Bigarren fasera sartu eta elizaren erdia betetzeko baimena ematen digutenean". Dena dela, oraindik ez dute erabaki nola egingo dituzten. "Dakidana da ezingo ditugula denak batera egin, banaka egin beharko ditugula, baina hortik aurrerakoak familiekin hitz eginda erabakiko ditugu".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide