Eudel Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalen elkartea gaur, osteguna, hasi da udalei maskara kirurgikoen banaketa masiboa egiten. Azkoitiko Udalak 2.000 ale jaso berri ditu. Martxoaren 26tik ari da, ordea, Azkoitia Eudelen hainbat maskarak jasotzen; 355 inguru jaso ditu ordutik. Udalak azaldu duenez,, orain arte jasotako maskar horiek etxez etxeko arreta zerbitzua eskaintzen duten langileen, udaltzainen eta lurperatzailearen artean banatu dituzte.
Eudel udal elkarteak apirilaren 20an jakinarazi zuen maskaren banaketa masiboa egingo zuela herriz herri, baina maskara kaxa batzuetan zeuden akatsak medio, erretiratu egin zituen 300.000 ale inguru. Oihalari eusteko gometan detektatu zituzten akatsak. Gaur banaketa masiboa egin du Eudel elkarteak Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herri eta hirietan, tartean Azkoitia.
Datorren astean, gainera, maskara gehiago jasotzea aurreikusten du Azkoitiko Udalak. Espainiako Gobernuak maskarak banatuko dizkie aldundiei, gero horiek biztanleen arabera herrien artean banatzeko. Azkoitiak 1.708 maskara gehiago jasoko dituela espero du.