Urola Erdiko Mankomunitateak hainbat zerbitzu berreskuratuko ditu astelehenetik aurrera

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 6a, 18:14

Erabilitako arropak eta etxetresna txikiak jasotzeko edukiontziak berriro irekiko dituzte astelehenean.

Erabilitako arropa jasotzeko edukiontziak berriro irekiko dituzte, poltsa konpostagarriak ohiko saltokietara itzuliko dira eta Azkoitiko garbigunea ere martxan izango da.

Koronabirusaren ondorioz ezarritako alarma-egoerak hondakinen bilketan ere hainbat aldaketa zein murrizketa ekarri zituen, baina Urola Erdiko Mankomunitatearen zerbitzuak "bere onera itzultzen" hasiko dira datorren astelehenean, konfinamenduaren amaierarako bidearen 1 fasea martxan jartzearekin batera.

Azkoitiko garbigunea da mankomunitateak astelehenean berreskuratuko duen zerbitzuetako bat, ohiko ordutegian (09:00etatik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara).

Aurrez aurreko arretarako bulegoak ere astelehenean irekiko ditu berriro ateak, Azpeitiko Azoka Plazan. Astelehenetik ostiralera, 08:30etik 14:00etara irekita izango da bulegoa. Dena den, telefonoz (943 85 73 19 zenbakia), e-postaz (ueue@urolaerdia.eus) edota telematikoki ere jar daitezke herritarrak harremanetan mankomunitatearekin.

Aste hauetan itxita egon diren arropak jasotzeko edukiontziak ere irekiko dituzte astelehenean, nahi duten herritarrek erabil ditzaten, erabilitako arropak-eta itxitako poltsetan edukiontzietan utziz.

Poltsa konpostagarriak banatzen dituzten saltokien sarea ere bere onera itzuliko da astelehenarekin. Alarma egoeran banatzen diharduten saltokietan ere eskuratu ahalko dira, momentuz, poltsa horiek; baina astelehenetik aurrera, lehengo ohiko saltokietan ere bai. Hau da, hain zuzen ere, datorren astetik aurrera poltsa konpostagarriak banatuko dituzten Azkoitiko saltokien zerrenda: Lujan liburu eta prentsa denda (Kale Nagusia, 72), Hazia belardenda (Julio Urkixo, 10), Aitzaki Kirolak (Julio Urkixo, 36) eta Odazpi kafetegia (Anaitasuna plaza, 1).

 

Gainerako zerbitzuak, faseka

"Alarma egoeraren faseak aldatzen doazen heinean" joango da mankomunitatea bertan behera utzitako gainerako zerbitzuak berreskuratzen. Era berean, mankomunitateak gogora ekarri du COVID-19 gaitzarekin kutsatutako herritarrak edota gaitzaren ondorioz berrogeialdia betetzen ari direnak beraiekin jarri behar direla harremanetan, "hondakinak modu seguruan nola kudeatu behar dituzten azaltzeko".

"Osasun arloko aholkuak zorrotz betetzeko eta hondakinak gaika uzterakoan babes neurriak hartzeko" dei egin die mankomunitateak herritarrei, eta latexko eskularruak erabiltzea edota ondoren eskuak behar bezala garbitzea gomendatu die. Mankomunitatea osatzen duten udalerrietako kaleak "inoiz baino garbiago" daudela adierazi dute hondakin kudeaketaren arduradunek, eta "guztion ardura" dela horrela eustea: "Hondakinak behar diren tokian utzi eta kaleei garbi eutsi", dio Urola Erdiko Mankomunitateak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide