Gipuzkoako eta Euskadiko Saskibaloi Federazioek amaitutzat eman dute 2019-2020 saskibaloi denboraldia. Hori horrela izanik, Iraurgi saskibaloi klubeko ia talde gehienen denboraldia ere bukatu da. Juaristi ISB eta Añares Rioja ISB taldeak ez ezik —Espainiako Saskibaloi Federazioak oraindik ez du erabakirik hartu—, gainerako talde guztiek ez dute aurtengo denboraldiko partida gehiago jokatuko. Beraz, guztira, ISBko 25 talderentzat amaitu da aurtengo denboraldia.
Bi federazioek jakinarazi dute ez dela ez maila igoerarik eta ez jaitsierarik izango aurten liga horietan, hau da, iaz denboraldia hasi zuten maila berean hasiko dute 2020-2021 denboraldia ISBko taldeek. Halere, bi federazioek azaldu dute mailaren batean plazaren bat hutsik gelditzen bada, 2020ko martxoaren 8ko sailkapena hartuko dutela kontuan —2019-2020 denboraldian jokatutako azken jardunaldia—.
Jose Luis Zubizarreta ISBko koordinatzaileak azaldu du, ez duela hartu duten erabiaz besteko "aukerarik ikusten" une honetan. "Distantziei-eta ematen ari diren garrantzia ikusita, nola hasiko gara lehiatzen orain kontaktu handiko kirol batean? Egoera hau ez da ona inorentzat, baina ez dut beste irtenbide posiblerik ikusten", azaldu du azpeitiarrak. ISBk, bide batez, denboraldian egindako lana eskertu du sare sozialetan, eta azaldu du datorren denboraldira begira "lanean azkar hasteko gogoarekin" daudela.