Imanol LarraƱaga, Indonesian bizi den azkoitiarra

"Motoan joateko kaskoa eramatea ez da derrigorra Balin, bai maskara janztea, ordea"

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 4a, 19:15

Imanol LarraƱaga, Balin.

Azken urte eta erdian Indonesian bizi da Imanol Larrañaga (Azkoitia, 1985). Aurretik, ordea, munduko hainbat tokitan ibilitakoa da lanean, besteak beste, Mexikon eta Thailandian. Urpekaritza enpresa batentzako lanean ari da, itsasontzi bateko arduradun gisa. Orain dela hilabete bat, lanean oporrak zituela-eta Balira joan zen egunak pasatzera, eta han harrapatu du koronabirusaren pandemiak eragindako krisiak.

Balin oporretan zaudela harrapatu zaitu koronabirusaren kontuak.

Orain dela hilabete Ordiziako lagun bat eta biok Indonesiatik Balira etorri ginen oporretara. Urtean behin, itsasontzia lurrera ateratzen dute mantenu lanak egiteko, eta guk oporrak izaten ditugu. Horregatik, Balira etorri ginen surfa eta parranda pixka bat egitera eta koronabirusaren kontu honek hemen harrapatu gaitu. Lau lagunen artean etxe bat alokatu dugu eta hemen gabiltza; aberatsen tankeran. Laurok urpekaritzan jarduten dugu lanean, baina enpresa desberdinetan. Gure lana izaten da bezeroak itsasontzian hartu eta urpekaritza egitera eramatea.

Eta Balin jarraitzeko asmotan?

Koronabirusagatik mugak itxi eta nazioarteko hegaldiak bertan behera utzi dituzte Indonesian, eta nazio barruko hegaldi asko ere etenda daude; irlatik irlara arteko bidaien %80-90 bertan behera utzi dituzte. Gutxieneko zerbitzuek besterik ez dute funtzionatzen gaur egun. Gu oso ondo gaude Balin, primeran! Ia turistarik ez dago Balin; beren herrialdera itzuli ezinda gelditu diren errusiar batzuk besterik ez daude hemen, eta gu bezelako gutxi batzuk. Turismorako etxeen eta txaleten prezioak asko jaitsi dira, eta oso merke daude. Guk, lau lagunon artean, izugarrizko etxea alokatu dugu, igerileku eta guzti. Egoera normalean, guk ezin izango genuke etxe honen prezioa inola ere ordaindu.

Mugak itxita daude Indonesian, eta zuk turistekin egiten duzu lan. Zein da orain zuen laneko egoera?

Turistarik gabe enpresa lanik gabe dago, baina enpresaren jabeak soldataren erdia ordaintzen digu langileoi, baita etxearen alokairuaren erdia ere. Oporretan bezala gaude, eta beste pare bat hilabetetan jarraituko nuke horrela. Egun hauetan, nik zuzentzen dudan itsasontzia Papua aldean dago.

Lanera noiz itzuliko zareten ez al dakizue?

Enpresako jabeak esan digu turismoa irailean hasiko dela berriro. Aurrena, nazioarteko hegaldiak baimendu beharko dituzte agintariek. Oso ondo gabiltza orain, baina lana ere pixka bat faltan botatzen dut, dordokak ikustea eta… Oso gustukoa dut egiten dudan lana. Baina iritsiko da horretarako garaia ere.

Nolakoa da egunerokoa Balin? Konfinamendurik ezarri al dute?

Ez dago konfinamendurako agindurik Balin. Kalera irteteko, baina, maskara eraman beharra dago eta supermerkatuetan eskuak garbitzeko gelak-eta jarrita daude. Gainontzean, bizimodu normala egiteko aukera dago hemen, segurtasun distantziak-eta gorde gabe. Turistarik ez dagoenez, diskotekak itxita daude, baina tabernak eta jatetxeak zabalik daude. Jatetxe askotan bertan jan daiteke, baina etxera eramateko janaria prestatzen dute gehienetan. Okerrena da hondartzak itxi egin dituztela, eta surfa egiteko ederra da Bali.

Horren ondo egonda, Azkoitira bueltatzerik ez zenuen pentsatuko ere egingo, ezta?

Balira iritsi eta astebetera, Espainiako Enbaxada gurekin jarri zen harremanetan. Esan zigun egun jakin baterako Espainiarako hegaldia antolatuko zutela, eta etxera itzuli nahi bagenuen hura genuela aukera bakarra. Gu, ordea, apropos gelditu gara hemen. Euskal Herrira itzulita etxeko lau hormen artean egon beharko genukeen, eta ni oso kalekumea naiz, eta ederki kostatuko zitzaidan hori. Amak ere Balin gelditzea hobe nuela esan zidan, Azkoitira joanda etxetik irteteagatik isunak jasoko nituela eta. Ederki gaude hemen: eguraldi ona daukagu, batetik bestera mugitzeko motoa dugu, tragoak hartzera irten gintezke... Hori bai, motoan kaskoa jantzi gabe joan zaitezke, baina maskararik gabe ez. Aurreko batean maskara etxean ahaztuta irten nintzen motoan, eta jendeak gaizki begiratzen zidan.

Gainontzean, egoera nolakoa da Balin?

Koronabirusa dela-eta egoera lasai dago hemen. Wuhan-en (Txina) garai bertsuan hasi zen hemen gaitzaren kontua aipatzen, izan ere, Yakartatik zuzeneko hegaldia dago Wuhanera. Hala ere, Indonesian ez da Wuhanen bezainbeste jende kutsatu. Hemen herritar gehiago hilko zen COVID-19 gaitzagatik baino motorreko istripuengatik. Jendeak kezka badu, baina lasaitasuna da nagusi. Jende gehien kutsatu diren tokiak Yakarta eta Bali irla izan direla diote; Yakarta hiriburua da, eta Bali, berriz, Indonesiako irlarik turistikoena da. Hemen jendearen kezka handiena beste bat da: jendea turismotik bizi da, eta lehengora noiz itzuliko diren ez dakite, ez dakite mugak noiz irekiko dituzten. Gure kasuan, guk lanean geneuzkan erreserba gehienak atzeratu egin dituzte bezeroek, ez dituzte bertan behera utzi, eta hori ona da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide