Herriko hainbat zerbitzu berriz martxan, aurrez hitzordua eskatuta

Maxixatzen.eus 2020ko mai. 4a, 16:12

Plaza Ondo Jubilatuen Elkarteko egoitzan podologia zerbitzua eskainiko zaie hitzordua duten bezeroei.

Osasun Ministerioak atzo argitaratutako aginduen arabera, hainbat neurri malgutu dira, eta ondorioz, herriko zerbitzu ugari berrezarri ahalko dira gaurtik aurrera.

Aurrerantzean murrizketekin bada ere ateak ireki ahal izango dituzte denda eta negozio txikiek, eta arau horrek, besteak beste, zuzenean eragiten die Plaza Ondo Jubilatuen Elkarteko egoitzan ematen diren ile apaindegi eta podologia zerbitzuei eta baita Elkarguneko fisioterapia zerbitzuari ere. Hori bai, derrigorrez aurrez hartu beharko da hitzordua telefonoz deituta.

Kontaktu fisikoa halabeharrezkoa denez zerbitzu horietan, langileek babestuta aritu beharko dute eta nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea. Halaber, bezeroentzat maskarak eta gel hidroalkoholikoak eskuragarri ipini beharko dira.

 

Urbanuen maskara ipinita

Gaurtik derrigorrezkoa da garraio publikoa erabiltzeko maskara eramatea. Azkoitiko kasuan, Urbanue herri barruko garraioaren erabiltzaileek maskara aurpegian ipinita eraman beharko dute autobusera igo ahal izateko.

Autobusek duten ahalmenaren %50era funtzionatuko dute. Hau da, eserlekuen erdiak okupatu ahalko dira eta zutik, metro karratu bakoitzeko bi lagun joan ahalko dira.

Taxiei dagokienez, berriz, ilara bakoitzean bi lagun joan ahalko dira, gidariaren ilara kenduta, non, gidaria bakarrik joango den.

 

Hitzordua udal artxiborako

Udal artxiboan kontsulta bat aurrez aurre egin ahal izateko, aurrez hartu beharko da hitzordua. Bertan gel hidroalkoholikoa eta eskularruak egongo dira, eta erabilitako dokumentuak berrogeialdian egon beharko dute hamar egunez.

 

Etxebizitzetan edota lokaletan, obrak

Azken arauak etxebizitzetan eta lokaletan obrak egiteko baimena zabaldu du. Obrak egin ahalko dira inor bizi ez den etxe, lokal edo eremu mugatuetan.

Edonola ere neurriak hartu beharko dira bizilagunekin kontaktua saihesteko eta saiatu, sarrera-irteerak lanaldiaren hasieran eta amaieran izaten.

Nola ez, COVID-19aren aurrean, langileek prebentzio eta higiene neurriak bete beharko dituzte.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide