Azkoitian ez dute koronabirusarekin kutsatutako kasu berririk atzeman azken orduetan. Horrela, hemezortzi dira osasun krisia hasi zenetik orain arte herrian baieztatu dituzten kutsatutakoak.
Kasu positibo bakarra atzeman dute azken orduetan Urola Kostan. Eusko Jaurlaritzak jakitera eman dituen datuen arabera, azken orduetan COVID-19 gaitzaz kutsatutako pertsona bakar bat hauteman dute, bera Zestoan.
Kontaketa hasi zutenetik, 259 dira eskualdean zenbatutako koronabirusaren kasu positiboak, eta honako hauek dira kopuruak, herriz herri: Zarautzen 142 lagun; Zumaian 48; Orion eta Azkoitian hamazortzina; Azpeitian hamasei; Getarian eta Zestoan bosna; Aian lau; eta hiru Aizarnazabalen.
Hala eta guztiz ere, kontuan izan behar da koronabirusaren pandemia hasi zenetik sendatu eta hil diren bizilagunak ere badirela eskualdean eta, beraz, ez dago datu zehatzak jakiterik, Eusko Jaurlaritzak ez baititu horiek herrika ahalbidetzen. Gainera, badira COVID-19 gaitza izan dezaketen edo pasatu duten eta probarik egin ez dioten herritarrak ere.
Lurraldeetako datuak
Osakidetzak emandako datuen arabera, azken orduetan 78 kasu berri zenbatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta, orotara, 16.197 dira krisia hasi zenetik baieztatu dituzten kutsatutakoak. Azaldu dutenez, ordea, atzemandako kasu positiboen artetik goraka doa gaitza gainditu dutenen kopurua; azken datuen arabera, %74,2k jaso dute senda agiria. Hiru lurralde horietan, zortzi pertsona hil ziren atzo. Guztira, 1.329 pertsona hil dira krisia hasi zenetik.