Ertzaintzak ohartarazi duenez, azkenaldian gora egin dute sareko iruzurrek, eta horien aurrean hainbat aholku eman ditu udalak, arriskuak saihesteko. Man in the middle edo CEO iruzurra erabiltzen dute iruzurgileek sareko erabiltzaileei identitatea ordezkatzeko nahiz ordainketak desbideratzeko, eta enpresa zein erakundeei ez ezik, internetetik erosketak egiten dituzten norbanakoei ere eragiten diete halako iruzurrek. Hori dela eta, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak kontuz ibiltzeko aholkatu diete herritarrei.
Udalaren arabera, posta elektronikoaren bidez lortzen dute iruzurgileek erabiltzaileen identitatea ordezkatzea; phishing deituriko teknika erabiltzen dute horretarako. Programa "gaiztoekin" kutsatzen dituzte erabiltzaileen helbide elektronikoak, eta kontu horietako pasahitzak ostu ditzakete eta gailuak urrunetik kontrolatu.
Egoera horiek saihesteko, udalak hainbat gomendio eman dizkie herritarrei; besteak beste, konexio seguruak erabiltzea, WiFi irekiak saihestea, pasahitzak eguneratuta izatea eta aplikazio bakoitzean pasahitz desberdina edukitzea. Horrez gain, ezezagunek bidalitako mezu elektronikoekin eta deskontu handiak iragartzen dituzten mezuekin ez fidatzeko ere eskatu dute. Bestalde, ohartarazi dute transferentzia bat egitean edo kontu korronte bat aldatzean ere, aurretik egiaztatzea komeni dela hartzailea benetakoa den, telefonoz edo aurrez aurre.