Azkoitian ez dute koronabirusarekin kutsatutako kasu positibo berririk baieztatu azken orduetan; horrela, hamazazpin mantentzen da pandemia hasi zenetik herrian positibo eman dutenen kopurua.
Oso gutxinaka ari da igotzen positibo berrien kopurua Urola Kostan. Eusko Jaurlaritzak jakitera eman dituen datuen arabera, azken orduetan COVID-19 gaitzaz kutsatutako hiru herritar topatu dituzte eskualdean. Horietako bi Zarautzen, eta hirugarrena Azpeitian. Kontaketa hasi zutenetik, 242 dira Urola Kostan zenbatutako kasuak. Honako hauek dira herriz herriko kutsatuen kopuruak: Zarautzen 132 herritar; Zumaian 47; Orion eta Azkoitian hamazazpina; Azpeitian hamabost; Getarian bost; Zestoan lau; Aian hiru; eta bi Aizarnazabalen.
Hala eta guztiz ere, kontuan izan behar da koronabirusaren pandemia hasi zenetik sendatu eta hil diren bizilagunak ere badirela eskualdean eta, beraz, ez dago datu zehatzak jakiterik, Eusko Jaurlaritzak ez baititu horiek herrika ahalbidetzen. Gainera, badira COVID-19 gaitza izan dezaketen edo pasatu duten eta probarik egin ez dioten herritarrak ere.
Lurraldeetako datuak
Osakidetzak emandako datuen arabera, azken orduetan 381 kasu berri zenbatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan eta, orotara, 15.519 dira kutsatutakoak. Azaldu dutenez, ordea, atzemandako kasu positiboen %70,4k dagoeneko gainditu du gaitza. Hiru lurralde horietan, 22 pertsona hil ziren atzo. Guztira, 1.296 pertsona hil dira krisia hasi zenetik.