Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren presidenteak agerraldia egin du gaur, asteartea, eta konfinamendutik ateratzeko plana aurkeztu du bertan. Ministroen Kontseiluan onartu dute sei eta zortzi aste bitartean gauzatuko den plana, eta "normaltasunera" itzultzeko lau fase izango direla zehaztu du Sanchezek. Konfinamendutik ateratzeko plana "mailakakoa, asimetrikoa eta koordinatua" izango dela ere nabarmendu du Sanchezek, eta lurralde bakoitzean desberdin gauzatuko dela. Hain zuzen ere, horren harira azaldu du ezingo dela probintzia arteko mugimendurik egin normaltasunera itzuli arte; hots, bakoitzak bere probintzian egin ahal izango dituela lau faseetan zehazten diren ekintzak. Era berean, Sanchezek adierazi du probintzia bakoitzeko egoerak baldintzatuko duela konfinamendua, eta egoera okertuz gero atzera egiteko aukera egongo dela.
Fase batetik bestera pasatzerakoan, datu objektiboak hartuko dituzte kontuan, eta irizpide horiek berdinak izango dira Espainiako estatu osoan. Fase bakoitza amaitzean, lurralde bakoitza nola dagoen aztertuko dute, eta besteak beste, lurralde horretan koronabirusaren bilakaera nolakoa izan den, osasun arretaren egoera nolakoa den, eta laneko segurtasun neurriak eta herritarren mugimenduan nolakoak diren hartuko dituzte kontuan fase batetik bestera pasatzea baimentzerakoan. Horretarako, markatzaile batzuk ezarriko ditu Espainiako Gobernuak, eta herritar orok jakin ahal izango du unean uneko egoera nolakoa den. Autonomia erkidegoekin koordinatuta jokatuko dutela azaldu du Sanchezek.
Ekintzak, faseka
Dagoeneko martxan da prestaketa fasea. Haurrak aurrekoan bezala, helduek irteera mugatuak egin ahalko dituzte datorren asteburutik; hala ere, Sanchezek ez du gaur irteera horien nondik norakoen xehetasunik eman. "Zero" deritzon fase honen barruan, maiatzaren 4tik aurrera jatetxeak etxera eramateko jana prestatzen hasi daitezke, eta beste zenbait zerbitzu eta lokal ere martxan jarri ahalko dira, aurretiazko txandak emanda, beti ere.
Lehenengo fasean, hainbat ekintza egin ahal izango dira, eta besteak beste, saltoki txikiek ateak irekitzeko aukera izango dute, beti ere gaitzaren transmisioa saihesteko neurriak hartuta. 65 urtetik gorako herritarrek lehentasuna izango dute saltoki horietara joaterakoan. Ostalaritzan ere, terrazak jarri ahal izango dira, baina %30eko edukiera izan ahalko dute horiek, eta Espainiako Osasun Ministerioak zehaztutako neurriak bete beharko ditu. Horrez gain, garraio publikoan maskarak eramatea "oso gomendagarria" izango dela ere iragarri du Sanchezek, baina ez derrigorrezkoa.
Bigarren fasea, lehen faseak baldintzatuko du. Sanchezen arabera, irailean hasiko da hezkuntzako ikasturte berria eta ordura arte ez dira ikasleak ikasgeletara itzuliko, hiru salbuespenekin: unibertsitaterako hautaprobak egiteko, errefortzu klaseak emateko eta gurasoek etxetik kanpo lan egin behar duten 6 urtetik beherako umeak hartzeko. Zinema aretoak eta beste hainbat kultur areto ere ireki ahal izango dira bigarren fasean, baina horien edukiera mugatuta egongo da. Horrez gain, 50 pertsonatik beherako kultur ekintzak ere baimenduko dira fase horretan, toki itxietan.
Hirugarren fasean, berriz, pertsonen mugikortasuna "malgutu" egingo dela azaldu du Sanchezek. Ostalaritzan eta saltoki txikietan ere, edukiera handitu egingo dela iragarri du, baina segurtasun eta osasun neurriak hartzen jarraitu beharko dutela herritarrek. Fase hori izango da konfinamendua amaitu aurreko azken fasea.