Indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko telefono zenbakiak gogorazi ditu udalak

Maxixatzen.eus 2020ko api. 27a, 13:46

Eusko Jaurlaritzak emakumeen aurkako indarkeriaren biktimentzat jarritako doako telefonora (900 840 111) dei dezakete, eguneko 24 orduetan, edo Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailera (943-85 71 74), astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara bitartean.

Koronabirusaren krisiak eragindako ezohiko egoeran ere indarkeria matxistaren biktimei arreta emateko zerbitzuak martxan daudela gogorarazi du Azkoitiko Udalak, eta horretarako erabilgarri dauden telefono zenbakiak zeintzuk diren.

Bi telefono zenbakitara hots egin dezakete indarkeria martxistaren biktima direnek. Batetik, 900 840 111 zenbakira. Eusko Jaurlaritzak emakumeen aurkako indarkeriaren biktimentzat jarritako telefonoa da hori eta 24 orduz eskaintzen dute zerbitzua. Doakoa da eta profesional kualifikatuek ematen dute arreta. Babes emozionala, informazioa eta jarraibideak jaso ditzake zenbaki horretara deitzen dutenek, eta deiak ez du arrastorik uzten telefono fakturan.

Bestetik, Azkoitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailera (943-85 71 74) ere dei dezakete laguntza behar duten emakumeek, astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara bitartean.

Udalak jakinarazi duenez, konfinamendu garaian "ez da kasu berririk atzeman Gizarte Zerbitzuetan, baina horren arrazoia izan daiteke erasotzailearekin bizi den bitartean emakumeak zailtasun handiagoak izatea salatzeko".

Aurrez aipatutako telefonoez gain, 112 telefonoa ere larrialdi kasuetarako erabilgarri dagoela adierazi du udalak. Larrialdi zerbitzuek doako aplikazio bat ere badute eskuragarri, entzuteko eta ikusteko zailtasunak dituzten pertsonentzat egokitua, eta geolokalizazioa ahalbidetzen duena.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide