Koronabirus kasu berririk ez, Azkoitian

Maxixatzen.eus 2020ko api. 27a, 13:57

Osakidetzak emandako datuen arabera, ez dute koronabirus kasu berririk hauteman Azkoitian. Eskualdean, kasu bana zenbatu dute azken orduetan, Getarian eta Zumaian.

Gutxinaka, baina ari dira koronabirus kasu kopuruak apaltzen. Azken egunetan kasu bakan batzuk izan dira Hego Euskal Herrian, baina oro har, hobetzen ari dira koronabirusaren inguruko datuak. 

Osakidetzak emandako datuen arabera, atzo 20:00ak arte, eskualdeko herrietan bi koronabirus kasu berri atzeman zituzten: bana Getarian eta Zumaian. Azkoitian eta gainerako herrietan, berriz, ez da gorakadarik izan. Beraz, kontaketa hasi zutenetik, 237 dira Urola Kostan zenbatutako kasuak.

Honako hauek dira herriz herriko kutsatuen kopuruak: Zarautzen 128 herritar; Zumaian 48; Orion hamazazpi; Azkoitian hamazazpi; Azpeitian hamahiru; Getarian bost; Zestoan lau; Aian hiru; eta bi Aizarnazabalen.

Hala eta guztiz ere, kontuan izan behar da koronabirusaren pandemia hasi zenetik sendatu eta hil diren bizilagunak ere badirela eskualdean, eta beraz, ez dago datu zehatzak jakiterik, Eusko Jaurlaritzak ez baititu horiek herrika ahalbidetzen. Gainera, badira COVID-19 gaitza izan dezaketen edo pasatu duten eta probarik egin ez dioten herritarrak ere.

Lurraldekako datuak

Osakidetzak emandako datuen arabera, azken orduetan 130 kasu berri zenbatu dituzte Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Hiru lurralde horietan, 12 pertsona hil ziren atzo, eta 321 osatu. Guztira, 1.673 pertsona hil eta 11.758 sendatu dira krisia hasi zenetik. Nafarroan, berriz, 34 kasu baieztatu dituzte azken orduetan. Guztira, 5.486 kasu zenbatu dituzte kontaketa hasi zenetik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide