Azkoitian ari da entrenatzen Igor Zubeldia Elorza (Azkoitia, 1997) Realeko futbol jokalari azkoitiarra. Etxean denbora askoan egotekoa ez dela aitortu du azkoitiarrak, eta horregatik hasieran bazuen "kezka" edo "beldurra". Halere, eta egunak aurrera joan ahala, etxean egoteko ere "balio" duela ohartu da.
Itxialdi sasoian goizean eta arratsaldean ari dira egiten entrenamenduak Realeko jokalariak. "Prestatzaile fisikoak Whatsapp bidez eguneko plana bidaltzen digu. Goizean indar ariketak egiten ditugu, gorputzaren goiko zein beheko atalak lantzeko eta berriz entrenatzen hasten garenean lesioak ekiditeko. Arratsaldean, berriz, korrikan edo zintan ibiltzen gara", azaldu du jokalariak entrenatzeko prozedura. Halere, laster izango dira Zubietara itzultzeko moduan. "Argi pixka bat ikusten ari gara. Egoera oso zail batean gaude, eta futbola bezalako kirolak bigarren mailan gelditzen dira. Halere, esaten dutenegatik nahikoa gertu egon behar du Zubietarako itzulerak", adierazi du.
Apirilaren 18an zen Kopako finala Sevillan jokatzekoa. Momentuz zaleen etxeetako balkoietan jokatu da derbi-finala. "Kopako finala jokatzeko desiatzen gaude, bai jokalariak baita zaleak ere. Ez da egunero jokatzen horrelako final bat, eta hara iristeko lan asko egin behar da. Zer pasatuko den inork ez daki, nahiz eta ilusioa denok izan. Espero dugu jokatuko dugula; noiz edo nola jokatu baloratzen ari dira profesionalak, eta ea zer erabaki hartzen duten. Guk guztiok jokatzea nahi dugu", dio Zubeldiak.
Liga txapelketarekin zer gertatzen den ere ikusi beharko da. Reala laugarrena da sailkapenean eta postu horrek Txapeldunen Ligarako txartela eman ohi du normalean. Halere, saria zelaian irabazi nahi dute Realeko jokalariek. "Taldekide guztiok zelaian lortu nahi ditugu sariak. Ea horretarako aukera dugun", esan du.
Realaren egungo sailkapena eta taldearen jokoa ikusita, Zubeldiak argi du helburuak orain artekoari eustea izan behar duela. "Helburuak orain arte ematen ari ginen mailari eustea edo handiagoa ematea izan behar du. Ziur naiz jokatzen hasten bagara eta orain arte bezala jokatzen badugu, goiko postuetan mantenduko garela. Guztiok oso motibatuta gaude helburu horiek lortzeko".
23 urte ditu Zubeldiak, eta dagoeneko 100 partida jokatu ditu Realarekin. Oro har, "oso gustura" dago arlo pertsonalean emandako mailarekin. "Egia da partida batzuk hobeak egin ditudala, besteak okerragoak. Ikusi dut denboraldi ona egiten ari nintzela; urteak aurrera joan ahala eskailerak igotzen ari naiz nire hobetze pertsonalean".