Beste positibo bat Azkoitian

Maxixatzen.eus 2020ko api. 25a, 14:03

Azken orduetan atzemandako kasuarekin, guztira hamabost pertsonak dute COVID-19 gaitza herrian. Urola Kostan bost kasu berri zenbatu dituzte azken Eusko Jaurlaritzaren datuen eguneraketaren arabera: Azkoitikoaz gain, bi Zarautzen eta bana Azpeitian eta Getarian. Guztira, 229 pertsona kutsatu dira eskualdean zenbaketa hasi zutenetik.

Aste hasierako datuak oso baikorrak baziren ere, azken orduetan beste koronabirus kasu bat baieztatu dute Azkoitian. Azken horrekin, hamabost dira COVID-19 gaitzaz kutsatutako herritarrak, Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera. Azkoitikoaz gain, beste lau kasu ere baieztatu dituzte eskualdean azken orduetan: bi Zarautzen, eta bana Azpeitian eta Getarian. Positibo berri horiekin, eta zenbaketekin hasi zirenetik, testak egin dizkieten Urola Kostako 229 herritarrek eman dute positibo proban.

Gainontzeko herrietan ez da aldatu COVID-19arekin kutsatutako pertsonen kopurua. Herriz herri, honako hauek dira koronabirus kasu metatuak: 126 kasu baieztatu dituzte Zarautzen, 47 kasu Zumaian, hamasei Orion, hamabost Azkoitian, hamabi Azpeitian, launa Getarian eta Zestoan, hiru Aian eta bi Aizarnazabalen.

Eusko Jaurlaritzaren datuek kopuru horiek jasotzen dituzte, baina kontuan hartu behar da koronabirusaren pandemia hasi zenetik sendatu edo zendu diren bizilagunak ere badirela. Beraz, ezin da jakin ziurtasun osoz zenbat pertsona dauden gaur egun COVID-19 gaitzaz kutsatuta.

Lurraldekako datuak

Osakidetzak jakinarazi duenez, atzo 4.968 PCR proba eta 4.441 test azkar egin zituzten –inoizko kopururik handiena, atzo baino 2.020 gehiago–, eta 348 kasu berri atzeman dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Proba egin dioten pertsonen %7k eman du positibo azken datuen arabera. Hiru lurralde horietan, 19 pertsona hil ziren atzo, eta 323 lagun osatu ziren. Guztira, 1.212 pertsona hil dira krisia hasi zenetik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

Nafarroan, berriz, 94 kasu berri atzeman dituzte azken orduetan. Guztira, 5.274 koronabirus kasu atzeman dituzte kontaketa hasi zutenetik, eta 429 lagun hil dira gaitzaren ondorioz; horietako hamabi, azken orduetan. Guztira, 1.737 lagun sendatu dira Nafarroan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide