Dolua konfinamendu garaietan

Maxixatzen.eus 2020ko api. 24a, 11:46

Alarma egoeragatik bertan behera geratu dira hildakoak agurtzeko erritualak, eta horren inguruko iritzia eman dute Azkoitiko, Azpeitiko eta Zarauzko Death Cafeko kide banak.

Etxean gelditzeko aginduak herritarren bizimodua errotik aldatzeaz harago, heriotzaren inguruko erritualetan ere eragin du, gizarteko hainbat ohitura hankaz gora jarri baititu. Egoera normalean, pertsona bat hiltzen denean, beilatokian edo etxean izaten da gorputza eta ingurukoak hurbiltzen dira familiari doluminak ematera. Orain, ordea, ez dago beilatokirik edo etxeko bisitarik, eta doluminak balkoitik, telefonoz edo whatsapp bidez ematea beste aukerarik ez dago. Horregatik, ez da egoera erraza gertuko pertsonaren bat galdu duenarentzat.

Koronabirusaren krisiak testuinguru berri bat sortu du, eta hainbat faktorek eragin egin dute dolu prozesuan. Egoera berri honetan, asko bakardadean hiltzen ari direnaren sentipena zabaldu da gizartean. Zarautz Herri Hezitzailea taldeko kidea eta Zarauzko Death Cafe ekimeneko antolatzailea da Jabi Bereziartua, eta haren esanetan, gure gizartean oso garrantzitsua da hiltzear dagoenaren ondoan egotea. “Horregatik, bizitza osoan zehar gertu izan dugun familiako kide edo lagun baten agurrean bere ondoan ezin egoteak bakarrik utzi izanaren sentipena sor dezake ingurukoengan”. Nabarmendu du horrek “haserrea eta kulpa” sentimenduak sortzen dituela hil den pertsonaren ingurukoen artean. “Nire ustez, neurri hori oso krudela da, eta beharrezko babes neurriak hartuta, beste modu batera egin daitekeela uste dut, familiaren dolu prozesua errespetatuz”.

Agur kolektiboa

Zendu diren lagunei egiten zaien agur kolektiboan ere aldaketa nabarmenak eragin ditu konfinamenduak. Dolu prozesua “norberak bere buruarekin pasa beharrekoa” dela bat datoz adituak, baina une zailetan ingurukoen babesa sentitzea ere “oso garrantzitsua” dela azpimarratu dute. Konfinamenduak aukera hori eten duela azaldu du doluan aditu Maider Etxeberria psikologo azkoitiarrak. “Gaur egungo teknologia berriek gainontzekoekin gure atsekabea elkarbanatzeko aukera eskaintzen dute konfinamendu garaian, baina pertsonen arteko hartu-emana behar izaten dugu askok. Orain ezin dira agurrak egin, eta horregatik, uste dut dolua ulertzen dugun bezala, ez dela berehala emango, aldaketa handi bat gertatu delako. Bizi dugun ezohiko egoera hau pasatzen denean egingo dira agurrak”, adierazi du psikologoak. Izan ere, sinesmen edo fede bakoitzak ditu zendu diren pertsonak agurtzeko bere erritualak, eta “sinisdun horientzat beharrezkoa da horiek betetzea beren buruarekin bakean geratzeko”, dio Bereziartuak.

Bizitzako beste esparru askotan bezala, zenbait prozesu sistematizatuta daude gizartean, eta “gehiegi pentsatu gabe errepikatzen ditugu”. Horregatik, badira pentsatzen dutenak bizilagunen doluminak jasotzeak gutxirako balio duela une zailetan, eta nekeza ere izaten dela. Dena dela, erritual horiek egin ezin daitezken garaian, asko ohartu dira komunitatearen babesa jasotzeak “eragin lasaigarria” izaten duela. Etxeberria psikologoaren esanetan, “mendeak daramatzagu norbait hiltzen denean hori agurtzeko erritualak egiten, eta zerbaitegatik egiten dira. Aspalditik datozen erritual sozialak dira, eta esanahi eta funtzio bat dute. Batzuk etxean eduki nahi izaten dute zendua, eta beste batzuk beilatokian beilatzen dute”. Batak eta besteak, “funtzio sozial eta lasaigarria” duela azaldu du psikologoak. “Atsekabea ingurukoekin konpartitzeko balio dute, harekin izandako bizipenak gogoratzeko, eta zendu den pertsona maitatua zela sentitzeko. Prozesu horretan hil den familiaren pena sostengatzen dute ingurukoek. Gaur egungo egoeran, ordea, ezin da aukeratu dolua bakardadean edo konpainian pasatu nahi den”.

Agurtzeko hainbat modu

Azpeitiko Death Cafe saioetako antolatzaile Manex Beristainen iritziz, egunotan bizi den ezohiko egoerak ondorio ekonomikoak uzteaz gain, “aztarna emozional kolektiboa” ere utziko du. “Jende asko ari da aprobetxatzen etenaldia pertsona bezala hobetzeko, baina badira eraso bezala sentitu dutenak eta behar emozioanala beste modu batera betetzen ari direnak ere. Hala, ziurgabetasun egoera horretan heriotza bat gertatzen denean, eta hil den pertsonaz agurtu ezin izan dugunean edo ingurukoen babesa sentitu ezin dugunean, hutsune emozionalak sortzen dira eta zaildu egiten du dolu prozesua”.

Dena dela, gizarteak barneratuta dituen agur erritualez gain, zendu den pertsona agurtzeko hainbat modu egon daitezkeela azaldu du Beristainek. “Ohiko erritual asko nahiko hotzak izaten dira askotan. Erritual horien bidez ingurukoen estimulua jasotzen dugu, baina maite duen pertsona galdu duena bere etxera itzultzen denean oso bakarrik sentitzen da”. Horregatik, uste du egoera berria baliagarria izan daitekeela, kanpoko estimulurik gabe, nor bere buruarekin egoteko eta lanketa pertsonala egiteko. “Azken finean, dolu prozesuaren helburua norbere buruarekin bakean geratzea da, eta horretarako tristura hori sentitu eta gainditu egin behar izaten da. Etxean baino hobeto non bete dezakegu prozesu hori?”, hausnartu du.

Gainera, ohiko erritualez harago, bestelako agurrak egin daitezkeela ere azaldu du Beristainek. “Gutun bat idatzi dezakegu, haurrei heriotza ipuin bidez azaldu, edo zuhaitz bat landatu hil den pertsonaren oroimenez. Hasieran zuhaitza landatu dugun tokian atsekabea sentituko dugu, baina denborarekin irribarrea sorraraziko digu, bizitako une zoriontsuez gogoratuko garelako”.

Hitz egiteko beharra

Heriotza gai tabua da oraindik gizartean, eta hortaz hitz egiteko «behar kolektiboa» dagoela uste dute eskualdean antolatzen diren Death Cafe saioetako ordezkariek. “Maite dugun pertsona baten heriotzak sortu digun atsekabea kanporatzea barruan gordetzea baino askoz hobea da”, dio Beristainek. Izan ere, heriotzaz hitz egiterakoan triste sentitzeko joera dagoelako, gai horri buruz jardutea saihesten dute zenbaitek, baina azpeitiarrak azaldu du, berari adibidez, asko lagundu izan diola ondoan izan duen heriotzaz hitz egiteak. “Prozesu horretan urrats garrantzitsuak egin behar dira, eta lehenengoa da onartzea lehenago edo beranduago hil egingo garela. Beldur hori barneratzen dugunean, beste ikuspegi batetik hitz egingo dugu heriotzaz”.

Hala, konfinamendua pasatzen denean, heriotzaz hitz egiteko “behar handiagoa” izango du gizarteak. Maider Etxeberriak azaldu duenez, “jende asko ari da bakarrik hiltzen, eta asko ari dira dolu prozesua bakarrik egiten. COVID-19 gaitzaren eraginez jende asko oso beldurtua dago, eta izuak ez du aurrera egiten uzten. Gainera, horrelako egoera batean, heriotz eta gaixo tasa handiak daudenean, horiek zenbaki huts bihurtzeko arriskua dago, horren atzean zer dagoen konturatu gabe”.

Horregatik, elkarrizketatuei inoiz baino garrantzitsuagoa eta beharrezkoagoa iruditzen zaie heriotzaren tabua gainditu eta gaiaz modu naturalean hitz egitea.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide