Koronabirusa dela eta, etxean geratu behar hau nola edo hala aprobetxatzeko eta urte amaieran egingo den Euskaraldiaren bigarren ediziora begira prestaketa-ariketa gisara, egitasmoa prestatzen ari direnek Etxealditik Euskaraldira ekimena jarri dute abian. Bertan, itxialdiko hizkuntza ohiturak zeintzuk ditugun hausnartu ondoren, denok euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egitea lortu nahi da.
Horrela, gaurtik hasi eta maiatzaren 3ra bitartean, bi aste izango ditugu etxeko egunerokotasun behartu honetako ohiko jarduerak euskaraz egiteko, eta Euskaraldia 2020 kanal honetan izango duzue Etxealditik Euskaraldira proposatuko den guztiaren berri.
Hamar izango dituzue proposamenak, pilula moduan bi asteotan eskainiko dizkizuegunak; aurreneko bideo-pilula honetan, egitasmoaren aurkezpena duzue, eta egunotan egitasmoaren ikur bihurtuko den lehen ekimena ere bai: eskegi koloretako puntuak herriko balkoietan (non bestela!) Azkoitiak ere Euskaraldiarekin bat egiten duela adierazteko.
Egon adi, bihar bigarrena baitator!