Koronabirus kasuak hautematen jarraitzen dute Urola Kostan, baina egunez egun murrizten ari da kasu berri kopurua. Hala, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak emandako datuen arabera, bi kasu berri atzeman dituzte azken orduetan eskualdean; bat Azkoitian eta bestea Zarautzen. Eskualdeko beste herrietako positibo kopuruak berdin jarraitzen du. Hala, honako hauek dira, herriz herri, kontaketak hasi zirenetik positibo eman dutenen kopuruak: 111 Zarautzen, 47 Zumaian, hamasei Orion, hamalau Azkoitian, bederatzi Azpeitian, lau Zestoan, hiru Aian eta Getarian, eta bi Aizarnazabalen. Beizaman eta Errezilen, oraingoz, ez dute kasurik atzeman.
Azken datuak kontuan hartuta, eskualdean 209 lagun kutsatu dira COVID-19arekin kontaketa abiatu zutenetik, baina positibo eman zutenetako hainbat sendatu dira dagoeneko, eta beste batzuk hil ere egin dira. Beraz, ezin da jakin zehazki egun zenbat pertsona dauden gaixorik.
Datuak lurraldeka
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 12.569 koronabirus kasu zenbatu ditu Osakidetzak, herenegun baino 214 gehiago. 3.481 test egin dituzte hiru lurralde horietan azken 24 orduetan, eta horietatik %6,14k eman du positibo. Nafarroan, berriz, 4.654 dira gaur arte COVID-19 gaitzarekin kutsatutakoak, eta horietatik 65 kasu azken orduetan atzeman dituzte. Hala, Hego Euskal Herrian, guztira, 17.190 lagun kutsatu dira kontaketa hasi zenetik, eta horietatik 1.431 hil dira COVID-19 gaitzaren ondorioz. Dena dela, nabarmendu behar da, guztira, 7.964 lagunek jaso dutela senda agiria, Osakidetzak eta Nafarroako Osasun Sailak emandako datuen arabera.
Hilabete, eskualdean lehen kasu atzeman zutenetik
Hilabete bete da gaur eskualdean koronabirus kasuak atzematen hasi zirenetik. Zarautz eta Zumaia izan dira kutsatu gehien zenbatu dituzten herriak, eta Errezil eta Beizamak gaixo gabe beteko dute hilabetea. UKT Urolako Komunikazio Taldeak –Urola Kostako Hitzak, Baleikek, Erlo Telebistak, Karkarak, Maxixatzenek, Uztarriak eta Zarauzko Hitzak– egunez egun bildu ditu herri bakoitzeko datuak, eta hurbiletik jarraitu du gaitza eskualdean.
Martxoaren 19tik atzora arte pasatutako lau asteen jarraipena da ondorengoa: lehenengo astean 65 gaixo zenbatu ziren eskualdean (Aian bat, Azkoitian, Azpeitian, Getarian eta Orion hiru, Zarautzen 42 eta hamar Zumaian). Bigarren astean 71 kutsatu berri zenbatu ziren (Aian eta Aizarnazabalen bana, Azkoitian bi, Azpeitian eta Zestoan hiru, Orion zazpi, 32 Zarautzen eta 22 Zumaian). Hirugarren astean nabarmen jaitsi zen kutsatu kopurua eskualdean, eta 38 gaixo berri atzeman ziren (Aian eta Aizarnazabalen bat, Azkoitian eta Orion lau, Azpeitian bi, Zarautzen 21, eta 5 Zumaian). Pasa den aste honetako gaixo kopurua izan da hilabeteko baxuena, eta 26 herritar kutsatu dira (Azkoitian eta Orion bi, Zarautzen 13, Zestoan bat, eta Zortzi Zumaian).
Jasotako datu horien arabera, astebetean jasotako kutsatu kopuru altuenetik (71 gaixo berri zenbatu ziren martxoaren 26tik apirilaren 2ra bitartean) azken asteko datuetara (26 gaixo berri), %50ean jaitsi da kutsatu berrien kopurua.