Gaur iluntzean agerraldia egin du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak, eta jakinarazi du itxialdia beste hamabost egunez luzatzea proposatuko diela autonomia erkidegoetako presidenteei eta Diputatuen Kongresuari. Adituek gomentatuta, maiatzaren 9ra arte luzatu nahi du etxean geratzeko agindua, baina azaldu du apirilaren 27tik aurrera arindu egingo duela konfinamendua, eta haurrek kalera ateratzeko aukera izango dutela, beti ere beharrezkoak diren babes neurriak hartuta. "Haurrek bost-sei aste daramatzate etxean sartuta eta jakin badakigu beraientzat garrantzitsua da kalera atera eta arnasa hartzea. Horregatik, datozen egunetan erabakiko dugu haurrek kalera nola atera beharko duten, eta adituen batzordearen aholkuak jarraituko ditugu horretarako".
Sanchezek aitortu du "zailena eta gogorrena" lortu dela dagoneko, "ardurari eta diziplina sozialari esker, etxean geratuz. Baina hori ez da nahikoa, lorpen ahula da, eta ezin dugu pauso presazkorik eman. Trantsizio bat hasi behar dugu normaltasunera itzultzeko". Hala, nabarmendu du datozen asteetan ez dela alarma egoera bakarra egongo. "Normaltasunera itzultzeko urratsak ematen hasiko gara, baina bide luzea izango da, kutsatutako gaixo kopurua jaitsi ahala alarma egoera maila desberdinak ezarriko ditugulako. Dena dela, uneren batean kutsatu kopuruak gora egiten badu, argi dugu berriz ere beharrezkoak diren neurriak hartu beharko ditugula".