Kasu positibo berririk ez dute zenbatu Azkoitian

Maxixatzen.eus 2020ko api. 16a, 14:22

Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, Azkoitian ez dute koronabirus kasu berririk atzeman; Urola Kostako kasu positibo bakarra Orion zenbatu dute. Eskualdeko positibo berrien datua aspaldiko apalena den arren, Hego Euskal Herrian atzo hil ziren krisia hasi zenetik pertsona gehien: guztira, 63.

Koronabirusak hedatzen jarraitzen du Urola Kostan, baina apala izan da azken 24 orduetako gorakada. Izan ere, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eman berri dituen datuen arabera, kasu positibo berri bat zenbatu dute eskualdean; Orion. Eskualdeko beste herrietako positiboen kopuruek berdin jarraitzen dute. Guztira, 201 positibo zenbatu dituzte bailaran. 

Honako hauek dira, herriz herri, kontaketak hasi zirenetik positibo eman duten pertsonen kopuruak: 108 Zarautzen, 45 Zumaian, hamasei Orion, hamabi Azkoitian, zortzi Azpeitian, lau Zestoan, hiru Aian eta Getarian, eta bi Aizarnazabalen. Beizaman eta Errezilen, oraingoz, ez dute kasurik atzeman.

Dena dela, koronabirusaren krisia hasi zenetik positibo eman dutenetako hainbat sendatu dira dagoeneko, eta beste batzuk hil ere egin dira eskualdean. Beraz, ezin da jakin zehazki egun zenbat pertsona dauden gaixorik.

Datuak lurraldeka

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, guztira, 11.790 koronabirus kasu zenbatu ditu Osakidetzak, atzo baino 315 kasu gehiago. Atzo 2.971 proba egin zituzten, eta horietatik % 11k eman zuten positibo; eta horrek esan nahi du hamar probatik bederatzik emaitza negatiboa eman zutela. Guztira, 45.033 test egin dituzte pandemia hasi zenetik gaur arte. Nafarroan, 4.348 dira gaur arte COVID-19 gaitzarekin kutsatutakoak, atzo baino 102 gehiago. 

Hego Euskal Herrian, guztira, 1.219 dira koronabirusaz hildakoak, atzo baino 63 gehiago. Izan ere, azken orduetan 54 lagun hil dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta bederatzi Nafarroan. Krisia hasi zenetik izandako hildako kopururik handiena izan zen atzokoa; orain arte, apirilaren 1ean ezarritakoa zen kopururik handiena, 61 hildakorekin. Sendatu diren pazienteak, berriz, 845 dira Nafarroan, eta 5.813 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. 

Adinekoen egoitzetako datuak

Eskualdeko zaharren egoitzak ere kolpatu ditu pandemiak. Zehazki, Zarauzko Santa Anan eta Zumaiako Otezurin eragin du COVID-19 gaitzak. Santa Anan, 21 positibo atzeman dituzte guztira, hamahiru lagun hil dira, eta bi pertsona sendatu dira. Otezurin, berriz, 28 positibo zenbatu dituzte, zazpi adineko hil dira, eta lau pertsonak jaso dute alta. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide