Zer moduz daramazu konfinamendu egoera?
Aspertuta nago. Faltan sumatzen dut egunero kalera egiten nuen irteera, eta arratsaldero lagunekin kafetegira joateko ohitura ere banuen. Konfinamendu egoera ezarri zutenetik, ez naiz kalera irten; ezta pentsatu ere.
Zein izaten da zure egunerokoa?
09:00 aldean jaikitzen naiz ohetik. Gosaldu, eta 10:00 aldera arte, ohean egoten naiz berriz ere. Ondoren, gorputza garbitzen dut, batzuetan dutxatu ere bai, eta ondoren ohea egiten dut. Ahal dudan gutxi horri eusten saiatzen naiz. Kartetan jarduten dut bakarka, eta eguraldiak laguntzen badu, terrazan egotea gustatzen zait. Bazkalostean, albistegiak ikustea gustatzen zait, eta denbora eginda, ordubeteko siesta egiten dut arratsaldero. Ohetik jaiki, kafesnea hartu, eta berriz kartetan egiten dut; arratsaldeetan iloba eta biok eskoban edo punttuan ibiltzen gara. Ahal bada, arratsaldeetan ere irteten naiz terrazara.
Ariketa fisikorik egiten al duzu?
Tarteka, etxean hara eta hona ibiltzen naiz, baina ahal dudan neurrian.
Herrian hainbat ekintza egiten dira. Parte hartzen al duzu horietan?
Bai, egunero osasun langileei zuzendutako txalo zaparrada jotzera irteten naiz balkoira. Lan ikaragarria egiten dute, bai lehen eta bai orain; etorkizunean ere horrela izango da. Osasuna da gizartearen oinarrizko euskarrietako bat. 100 urte ditut eta esperientzia ere bai, eta ondorioz, 21:00etako lapiko jotzera ere irteten naiz. Osasunik gabe ez dago etorkizunik, eta herrian martxan jarri nahi duten hondakin gune horrek kalte izugarriak ekarriko dizkigu bai herritarroi, baita gure osasunari ere.
Sarri ateratzen zinen konfinamendu aurretik lagunengana. Hitz egiten al duzu orain haiekin?
Telefonoz hitz egiten dugu, txandaka: batzuetan, batekin hitz egiten dut; eta besteetan, beste batekin. Momentuz, denok gaude ondo.
100 urtean horrelako egoerarik ezagutu al duzu?
Ez, horrelakorik ez dut inoiz ezagutu. Iaz, 100 urte bete nituenean, nire sekretua zein den galdetu zidaten. Egunero kalera irtetea da benetako sekretua. Eta orain? Orain etxean egon behar, mugitu ere egin gabe.
Koronabirusaren antzeko gaixotasunik ezagutu al duzu Azkoitian?
Bai. Tifusa eta tuberkulosia ezagutu ditut herrian. Azkotian gogor jo zuten gaitz horiek. Gaztetxoak ginen gu artean, eta tratamendurik ere ez zegoen garai haietan. Familia askotan bi edo hiru lagun hil ziren elkar kutsatuta.
Txori txiki batek esan digu ostegunetan pintxo-poteoa egiten duzula.
Bai, asko gustatzen zait pintxo-poteoa. Ez dakit nola egiten duten, baina ostegunero, 19:30ean, ilobaren kuadrillarekin biltzen gara ordenagailu bidez. Aurretik pintxoak prestatzen ditugu; astero hiru bat desberdin egiten ditugu, besteak beste, kroketak, patata tortilla, karrilerak eta gildak. Tabernaz taberna ibiltzen omen gara, nahiz eta gu sukaldetik ez mugitu. Karrilerak eta kroketak dira gehien gustatzen zaizkidan pintxoak, eta ardo zuria ere bai.
Maiatzaren 9an beteko dituzu 101 urte. Etxekoekin ospatzeko modua izango duzula uste al duzu?
Bihotzean bai, baina errealitatean etxeko hirurok ospatuko ditugulakoan nago. Ziur nago ilobak bizkotxo goxo bat prestatuko didala. Halere, kalera irteten hasten garenean ospatuko dugu merezi duen bezala. Ilobekin, birbilobekin eta familiako ume guztiekin, hamabostak elkarrekin. Sei ume eta bederatzi heldu elkartu ohi gara. Jakara [Aragoi, Espainia] oporretara joaten garenean bezala ospatuko dugu.