Oporrak Bakean programaren bitartez, 10-12 urte bitarteko dozenaka haur saharar etortzen dira urtero-urtero Euskal Herrira uda pasatzera. Aurten, ordea, koronabirusak eragindako ezohiko egoerak ezohiko neurriak hartzera behartu ditu programaren antolatzaileak, eta aurtengo edizioa bertan behera uztea erabaki dute Saharako Batzorde Nazionalaren aginduz. Hori dela eta, milaka haur sahararrek uda errefuxiatuen kanpamenduan igaro beharko dute aurten.
Programa horretan parte hartzen dute Lurdes Alberdiren (Azpeitia, 1966) eta Garazi Salegiren (Azkoitia, 1986) familiek. Joan zen urtean Aichatu izeneko haur sahararra hartu zuen etxean Alberdik, eta Nayat izeneko adin bereko beste haur bat Salegik. Zumaiako Darahli elkartea arduratzen da, besteak beste, antolakuntzaz, eta haiek izan ziren Alberdiri eta Salegiri programa bertan behera utzi zutela azaldu zietenak. Alberdik dio aurreikusten zutela erabaki hori: "Pentsatzen genuen programa bertan behera geldituko zela. Haien segurtasuna bermatzeko beharrezko neurria iruditzen zait". Salegik ere bazekien programa bertan behera gelditu zitekeela: "Egoera ikusita barneratzen hasi nintzen beharbada aurten ez genuela Nayat ekartzerik izango, eta Darahlitik programa bertan behera gelditu zela esateko deitu zidatenean, sekulako tristura sartu zitzaidan". Hala eta guztiz ere, Salegiri "zentzuzkoa" iruditzen zaio egoeraren larritasuna ikusita Oporrak Bakean programa aurten ez egitea, koronabirusak Saharan izan dezakeen hedapena saihesteko.
Berria jakin bezain pronto Aichaturen familiarekin harremanetan jarri zen Alberdi, eta haren anaia zaharrari kontatu zion antolatzaileek bertan behera utzi zutela programa; Aichatu eta familia "oso triste" jarri zirela nabarmendu du azpeitiarrak. Bestalde, Alberdik dio azkenengo aldiz Aichaturen familiarekin hitz egin zutenean, Saharan ez zegoela koronabirus kasurik, baina halere egoeraz kezkatuta zeudela: "Esan digutenez, Saharan ofizialki oraindik ez dago koronabirus kasurik, baina beldur handia dute. Haima barruan sartuta igarotzen dute eguna, eta haiek lanik egiten ez badute ez dute dirurik ateratzen". Salegik ez du lortu Nayaten familiarekin gaiaz hitz egiterik: "Nayatekin askoz gutxiago hitz egin dugu azken asteetan. Haren amari audio mezu bat bidali genion eta Nayaten anaiak erantzun zigun, baina oraindik ez dugu programaren inguruan haiekin hitz egiterik izan".
Elkar ikusteko esperantza
Oporrak Bakean programan bi urtez parte hartu dezake haur bakoitzak, 10 eta 12 urte bitartean. Aurtengo edizioa bertan behera gelditu denez, ordea, Aichatuk eta Nayatek 13 urte izango dituzte datorren urterako, eta ez dakite horiek programan parte hartzerik izango ote duten. "Gure nahia da datorren urtean behintzat Aichatu ekarri ahal izatea, berarekin urtebete bakarrik egon gara eta", dio Alberdik. Salegi ere iritzi berekoa da: "Antolakuntzakoekin hitz egitea nahiko nuke, Nayati berriz ere Azkoitira etortzeko aukera eman diezaioten".
Apirilaren 6an eman zuen Espainian Saharak duen ordezkaritzak Oporrak Bakean programa ezeztatzearen berria, eta aurreikusten dutenez gutxi gorabehera 4.000 haurri eragingo dio programa bertan behera uzteak.