Merkataritzari nahiz beste hainbat jarduerari buruzko irizpideak jakinarazi dituzte

Maxixatzen.eus 2020ko api. 14a, 13:18

Herritarrak erosketak egiteko zain.

Alarma egoera hilaren 26ra arte luzatu du Espainiako Gobernuak, eta momentuz, konfinamendu egoeran jarraitzen dute herritarrek. Gaur amaitu da oinarrizkoak ez diren ekonomia jardueren etetea, baina oraindik ere badira debakatuta dauden hainbat jardun edo ekintza, batez ere saltoki eta negozio txikiei lotutakoak. Irizpide horiek zerrendatu eta argitaratu ditu Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak.

Zer merkataritza gune egon daitezke irekita?

Janari dendak, gozoki-dendak eta gozotegiak, edari dendak, farmaziak, osasun zentroak, optikak, ortopediak, higiene produktuen dendak, prentsa eta paper dendak, gasolindegiak, estankoak, teknologia eta telekomunikazio produktuen dendak, etxeko animalientzat janaria saltzen dutenak, Internet bidezko saltokiak, telefono edo posta bidezko merkataritza dendak, tindategiak, arropa garbitegiak, albaitaritza klinikak, ibilgailuak alokatzeko enpresak, banku erakundeak, notarioak, aholkularitza zerbitzuak, aseguru erakundeak, abokatu bulegoak nahiz kudeaketa eta finken administraziorako bulegoak.

Jatetxeek eta janari prestatua saltzen duten establezimenduek lan egin al dezakete?

Jatetxeek janaria etxeetara banatu dezakete, baina bezeroak ezin dute jatetxera joan janaria jasotzera. Bestetik, janari prestatua saltzen duten establezimenduek janaria etxeetara eraman ahal dute eta bezeroak establezimendura joan daitezke janaria jasotzera, baina ezin dute bertan jan.

Okindegiek saldu al dezakete edaririk, kafea barne dela?

Eramateko produktuak bakarrik sal ditzakete, baina ezingo da lokalean ezer kontsumitu.

Ireki al daiteke zerbitzugune edo gasolindegi bateko jatetxea edo kafetegia?

Ez, baina dendan janaria sal dezakete.

Ile-apaindegiak ireki al daitezke?

Lokala ezin da ireki. Etxez etxeko zerbitzu profesionala onartuta dago.

Ireki al daitezke lokutorioak?

Transakzio ekonomikoak egiteko bakarrik egongo dira zabalik.

Denda-ibilgailuen bidez kalez kale saltzen ibiltzea baimenduta al dago?

Premia-premiazko produktuak kalez kale saldu ahal izango dira, baldin eta udalak emandako ziurtagiria baldin badaukate. Osasun Agintaritzak ezarritako higiene eta osasun neurriak errespetatu beharko dituzte. Ordutegia mugatuta egongo da 8:00etatik 15:00etara arte.

Automozioko tailer mekanikoak ireki al daitezke?

Bai, baina premiazko konponketak egiteko bakarrik.

Jendearentzat irekita egoteko baimenik ez daukaten establezimenduek barruan mantentze eta hobetze lanak egin al ditzazkete?

Bai.

Nutrizio-produktuak saltzen dituen denda bat irekita egon daiteke?

Bai, baina premia-premiazko produktuen salmentarako bakarrik. Adibidez, zeliakoentzako janariak.

Beilak, kultu-guneak eta hileta zeremonia zibilak nahiz erlijiosoak baimenduta daude?

Beilak debekatuta daude instalazio guztietan, publikoetan zein pribatuetan, baita etxebizitza partikularretan ere. Ezin da hileta erlijiosorik egin, ezta hileta zeremonia zibilik ere. Baimenduta dago hildakoa lurperatzea edo errausteko agurra egitea, baina gehienez ere hiru senide edo hurbileko pertsona egon ahal izango dira bertan, eta hala badagokio, hildakoak agurtzeko hileta errituez arduratzen den kasuan kasuko kultu zerbitzaria edo horren antzekoa ere bai. Edonola ere, bertaratutakoek beren artean beti metro bateko edo bi metroko distantzia gorde beharko dute.

Baratzetako edota negutegietako lanak eta haien antzekoak baimenduta daude?

Jarduera profesionala bada, baimenduta daude.

Familiako baratzean lan egin al daiteke?

Bai, hara joateko eta bertan egoteko behar-beharrezkoa den denbora soilik hartzen bada. Horrez gain, Osasun Agintaritzak ezarritako neurriak bete behar dira, baita betekizun batzuk ere. Alde batetik, elikagaiak jasotzera edo baratzeko oinarrizko mantentze lanak egitera joan daiteke, baina produktu gehiago landatzeko prestatze lanak ezin dira egin. Horrez gain, baratzera joan-etorria justifikatzeko baratzearen titulartasun dokumentua erakutsi beharko da.

Establezimendu batean sartzean, zer neurri mota hartu behar dira?

Establezimenduaren barruan ahalik eta denbora gutxien egon behar da, egin beharreko erosketak egiteko ezinbestekoa den denbora baino ez. Pertsonen artean, gutxienez, metro eta erdiko distantzia gordetzea gomendatzen da.

Hotelak, apartahotelak, landa-etxeak, turismo-ostatuak eta kanpinak ireki al daitezke?

Ezin dira ireki. Salbuespen gisa, ezinbesteko zerbitzu deklaratutako turismo ostatuak irekitzea baimendu da zenbait kasutan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide